Hutsunearen Kalbaixoak
Hutsune nabarmena izan da aurtengo Kalbaixotan. Marka lagatzen zuen horietako zen Ritxi. Eta hura ezagutzeko aukera eduki zuten herritar askok eta askok nabarmen utzi dute hori Kalbaixotan. Batzuk eta besteek haren falta sumatu eta sentitzen dutela agertu dute, jaiek iraun duten hiru egunetan.
Kalbaixo Eguneko goitibehera zaratatsuak minutu batez ixiltasunaren irudi bihurtu ziren. Goitibeherak Txolota koadrilak hasi eta gaur egun derrigorrezko elementu bihurtutako ekimena dira. Ritxi fundatzaileetako bat izan zen.
Haren omenez eginiko ixilunearen ondoren, bere koadrilakoak izan ziren jaitsierari hasiera eman ziotenak, haren irudia eurekin zeramatela. Malkoak, oihuak, txaloak...Goiko plazaraino izan zituzten lagun.
Atzetik etorri ziren gainontzeko goitibehera guztiak. Aurten, istriputik istripura ibili diren goitibieherak. Asko izan ziren Mendaron amaitu zutenak, eta beste zenbaitek herrian bertan sendatu zituzten zauriak. Hala ere, eta zorionez, gehiegira joan gabeko istripuak izan ziren, eta asko eta asko gauerako martxan ziren berriro ere.
Goitibeheren amaieran, Ritxi berriro gogoan. Izan ere, urtero ohi bezala, Potronorrekoak jaitsi ziren azken, eta hauek Txolotakoekin duten harremana oso estua izan da betidanik. Eta askorentzat bezala, Ritxi berezia zen eurentzat ere; eta hala agertu zuten goitibeheran jarritako kartelarekin.
Kalbaixo Txiki Eguna ere heldu zen, eta harekin batera, Txoko Ederrek antolatzen duen marmitako lehiaketa. 16 parte hartzaile zen topea, eta tope beteta gelditu zen zerrenda. Irabazleak: Narrupeko emakumeak. Eta anekdoten koadernotxorako kontutxo bat ere laga zuen lehiaketak: Josebe Mendizabal bere aitaren, Goxerriren, aurretik gelditu zen. Datorren urterako pikea ziurtatuta!
Sariak banatuta, berriz, enkantea hasi. Eta hor ere bat baino gehiago gogoratu zen Ritxirekin. Harek jartzen zuen saltsarekin asko gogoratu ziren. Ez zuen lagako inork, lotsagabeki, 15 lagunentzako marmitakoa ia debalde eramatea. Enkantea gogoz hartzen zuen, eta bizia ematen zion enkanteari, plazari, bertan bildutakoei...eta bide batez, antolatzaileen lanari ere zegokion maila aitortzen zion.
Jaien amaiera aldera ere, Piñastei Egunean, bere lekua aitortu zioten Akerbeltz eraman ohi zuen konpartsakideari. Konpartsako kideek eta arraun taldeak–azken talde horretako kide ere bazen eta– elkarrekin, kofradi parean, omenaldi xume, goxo, hunkigarri eta ederra eskaini zioten.
Baina bizitza hala izanik, Ritxiren hutsuneak sortzen zuen gazitasunari gozotasuna jartzen zion umeen alaitasunak. Ikustekoak ziren konpartsako erraldoi-buruhandiak eta Piñasteiko txerria ikustean jartzen zituzten aurpegitxoak!
Eta jaiak jai, bakoitzak berea eman, eta Kalbaixoek diztira eduki dute; bakoitzarentzat kolore bateko edota besteko diztira.
Gainera, Kalbaixoek zerbait badute, herritarren parte hartze aktiboa da: Kalbaixoko kofradiak egiten duen lan guztia, Anaiartekoek eskainitako danborrada, herritarrek ekimenetan parte hartzeko jartzen duten griña, Txoko Ederrekoen ahalegina, Aizabiakoek adin guztietakoentzat antolatzen dituzten ekimenak (jolasak, salda eta txorizoa, sardina erreak..), Arku-Gainekoen ate irekien eguna, arraun taldekoen ekimenak...eta nola ez; txistulariek eta erraldoi-buruhandiek konpartsarekin aurrera egiteko egiten duten ahalegina, Udalak umeentzako antolatutako ikuskizunak, bandakoek prestatutako emanaldia, sokamuturra...Eta nola ez: Eganen emanaldia. Plaza bete jende batu zen aurten ere haren doinuekin dantza egitera. Urteak joan eta urteak etorri indarrik galtzen ez duen emanaldia...ohituren artean sartzeko modukoa ia.
Bizitzan bezalaxe, Kalbaixotan, argi-ilunak; baina abestiak dioen bezala...'uxatzen degu gure artean ekaitza datorrenean"...eta mutrikuarrentzat Kalbaixoak beti Kalbaixo, goi, erdi eta behe
ARGAZKIAK, ikusi eta jaitsi