Ikastolara bi itzuli egingo ditu herribusak aurrerantzean

2013/10/07
Erabiltzaile kopurua handiari erantzuteko asmoarekin hartu du Udalak erabakia; bi bira egin ahal izateko ibilbidea moztu egin behar izan dute.

Herribusa bi aldiz igoko da ikastolaraino, gaurtik (urriak 7) aurrera. Izan ere, autobusak bidaia batean eraman ditzakeen bidaiariak baino gehiago dira ikastolara autobusez igo nahi duten herritarrak. 

Zerbitzua erabili nahi duten guztiei erantzutea da Udalaren asmoa. “Autobusean ezin daiteke inor zutik joan; legeak hala agintzen du-eta”, azaldu du Gobernazio batzordeburu Joxean Agirregomezkortak. Herribusean 15 leku daude eta ezinduentzako leku bat. Gauzak horrela, Udalak herritarrei eskatzen die, ahal duten heinean, herribuseko eserlekuak umeei lagatzeko. “Umeei laguntzera autobudean igotzen diren nagusiak asko dira. Bakarrik joateko adinean daudenei autobusean euren kabuz joaten uzteko eskatzen diegu, mesedez; edota ados jarri eta arduradun bakarreko ume taldeak antolatzeko”, adierazi du Agirregomezkortak.

Herribusa ikastolara heltzean zebra bidearen parez-pare geldituko da, eta umeek udaltzainen laguntza ere edukiko dute. “Ez-ohiko gertaeraren bat ez bada behintzat, udaltzain bat bertan egongo da umeak ikastolara bideratzeko”, ziurtatu du.

Bi buelta egin ahal izateko, ordea, ibilbidea moztu egin behar izan dute. Aurrerantzean 08:40ean komendutik aterako da herribusa, eta Txanbolinen egongo da beste geltokia. Umeak ikastolan laga ondoren, Txanbolingo biribilgunera jaitsiko da, handik berriro ikastolara igotzeko. “Lehen bueltan, herribusa komentuan beteko balitz, Txanbolinen ezingo da gelditu; barruan doazen guztiak jarrita joan behar direlako, nahi eta nahi ez. Beraz, helduei mesedez eskatzen diegu zerbitzua, ahal den heinean, umeentzako lagatzeko”, azpimarratu du Agirregomezkortak.