Irailaren 15ean, mojei egindako agurraren berri eman du alkateak Udalbatzaren aurrean

2013/09/27
Udal agirien arabera, 1883tik Mutrikun gazteen hezkuntzan eta zahar behartsuen zaintzan jardun duten Karitateko Alabei agurra egin zioten udal ordezkariek; iraileko bilkuran horren berri eman zen.

Irailaren 15ean, Kalbaixo txiki egunez, Mutrikuko Udalak agur egin zien, udal agirien arabera, 1883 urtetik herrian gazteen hezkuntzan eta zahar behartsuen zaintzan jardun duten Karitateko Alabei. Eta alkateak, han egindakoaren berri eman zuen udalbatzaren aurrean, ofizialki jasotako gera zedin.

"Pasa den martxoan erabakia hartu zuten Mutrikun egiten ari ziren lana esku onetan geratuko zelarik, beraien behar handiagoak dituzten tokietara jotzea lehentasunezkoa zutela. Hortaz, udaberrian erabaki zuten uda igarota toki berrietan langintza berrietara jartzea.

Irailaren 15ean, esan bezala, Mutrikuko Erresidentzian arratsaldeko bostetan Jabier Basurkok emandako mezaren ondoren, Joseba Palenzuela alkatea buru zela, eta udal korporazioaren ordezkariak eta aurreko Alkate Juan Mari Egaña, Francisco Arreitunandia Gregorio aita zenaren izenean, Pedro Martinez, Juan Mari Eizagirre, Kepa Astigarraga, Jose Agustin Elezgarai, Elena Cebrian Estanis Osinalde zenaren izenean, eta Josebe Astigarraga bertan zirela, agur ekitaldia egin zen. Elaxar Arrasateren izenean ezin izan zen egon Belen Usobiaga. 

Erresidentziako sarreran plaka bat bistaratu zen Karitateko Alabek herrian izandako aldia oroitzeko balioko duena. Ondoren, alkateak hitz batzuk esan eta gero, doazen bost mojei oroigarri bana eman zitzaien. Gainera, ama nagusiari, Lagundiak herrian bizi izandako urteak oroituz eta eskertuz, plaka bat eman zitzaion eta Udalaren urrezko intsignia ezarri.

Ekitaldia amaitu aurretik, Xabier Basterretxeak Maria Antonia Arriola zenak Mutrikuko herriari egindako lagapenaren berri eman eta Karitateko Alabek Mutrikun egindako ibilbidea biltzen duen agiri-bildumaren ale bana eman zien Karitateko Alaben ama nagusiari eta alkateari, biek gure herriaren historiaren zati hau biharko mutrikuarrentzat eta interesa izan dezaketenentzat gorde dezaten.

Hortaz, Mutrikuko Udalak, gaurko udalbatzan, berretsi egiten die Karitateko mojei bere esker ona, eta agur egin irailean Mutriku utzi duten Sor Maria Angeles Isuskizari, Sor Carmen Fernandezi, Sor Arantza Zubiari, Sor Teresa Garmendiari eta Sor Florentina Gomezi".