Irakurzaletasuna bultzatzeko kanpainak banatu du lehen sari berezia

2013/06/06
‘Irakurri gozatu eta oparitu’ kanpainako parte-hartzaileen artean, 30 euroko erosketa-bonoa zozketatu dute; kanpaina harrera ona izaten ari da herritarren artean.

Maria Jose Cortes Toro izan da Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainako lehen sari berezia eskuratu duen herritarra. Cortesek 30 euroko erosketa-txartela jasoko du, kanpainan parte hartzen ari diren hiru liburudendentako baten ¬–Beristain, Virginita eta Sabina- aldatzeko.

Maiatzean parte hartu dutenen artean egin da zozketa. Guztira, 18 lagun izan dira liburua maileguan hartu, liburutegira buletatu eta euskarazko liburuak erosteko %25eko beherapen bonoa jaso dutenak.

Kanpainaren baitan egindako maileguak, ordea, 29 izan dira. “Tartean badira, behin baino gehiagotan etorri direnak. Pozgarria da mugimendua ikustea, eta jendea euskaraz irakurtzen ari dela jakitea”, azaldu du liburuzainak. “Batzuk, gainera, 12 urte bueltakoak izan dira, eta adin tarte horretakoak, normalean, ez dituzte liburuak maileguan eramaten”

Kanpainari esker, liburutegiak bi bazkide ere irabazi ditu, eta bazkide izan arren, aspaldian erabiltzaileak ez zirenak ere bueltatu direla jakinarazi du liburuzainak. “Jendeak gustura hartu du kanpaina, eta hala jakinarazi digute”, gaineratu du.

EKAINAREN 30ERA ARTE AUKERA ZABALIK

Kanpaina ekainaren 30era arte egongo da martxan, eta ekaineko parte hartzaileen artean ere zozketa berezia egingo da.
Kanpainaren helburua euskarazko liburuen irakurketa sustatzea da; azken finean, euskaraz irakurtzera animatzea. Izenak adierazten duenez, hiru pauso eman behar dira parte hartzeko:

-    Irakurri. Herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan hartu beharko da.

-    Gozatu. Irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple bat bete beharko da. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango dio irakurleari herriko hiru liburu dendetako baten erabiltzeko . Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein liburu erostean, %25a beherapena lortuko du herritarrak (testu liburuak ez dira sartzen).

-    Oparitu. Azken pausoa, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

“Kanpaina, sinplea, polita eta erakargarria delakoan gaude; beraz, oraindik parte hartu ez dutenak irakurri, gozatu eta oparitzera animatzen ditugu!”, diote euskara zerbitzutik.