Janari bilketa egingo dute gaur eta bihar DIA supermerkatuan

2013/11/29
Boluntarioak 09:00etatik 21:00etara egongo dira bilketa egiten; oinarrizko janariak dira batzen dituztenak.

Gaur eta bihar, 09:00etatik 21:00etara. Hori da herriko elikagaien bankuko boluntarioak janari bilketa masiboa egiteko jarritako hitzordua.

Bilketa DIA supermerkatuan egingo dute. Billketa erraldoirako herriko hainbat lagunek euren burua boluntario eskaini dute. "Hiruna ordu egingo dituzten talde txikiak antolatu ditugu herriko jendeari esker. Pozik gaude erantzunarekin", adierazi dute taldekideek.

Eskatzen dituzten janariak oinarrizkoak dira; besteak beste, garbantzuak, babarrunak, dilistak edo lentejak, arroza, pasta, olioa, azukrea, kontserba begetalak, arrain kontserbak, esnea, umeen janaria, galletak. "Erosketa egitera sartzen direnei oinarrizko janarien zerrenda bat eta poltsatxo bat ematen diegu; eta bakoitzak ahal edo nahi duen neurrian laguntzeko aukera dauka", azaldu dute. "Tamalez jatea bezalako oinarrizko beharrizana duen gero eta jende gehiago daukagu inguruan, eta haiei laguntzea da asmoa".