Jaurlaritzak ez du beteko Mutrikuko herriari emandako hitza
“Jaurlaritzak, bai prentsan, baita Mutrikun bertan egindako agerraldian ere, ziurtatu zuen Mutrikuko dikea amaitzeko dirua jarriko zuela 2014an. Ez da horrela izango. Euren hitzari huts egingo diote”. Horrenbestez, haserre eta kezkatuta azaldu du Joseba Palenzuelak Jaurlaritzatik dikeari buruz jasotako azken berria.
Udal gobernua atsekabetuta eta kezkati dago, herrirako hain garrantzitsua den azpiegitura amaitu gabe edo gaizki amaituta geratuko dela uste duelako. “Aurreko legealdian atzerapen handia izan zuen proiektuak. Gaur egungo Jaurlaritza atzerapen hori zuzentzera zetorrela zirudien, baina ez da horrela izango. Atzera eta atzera, ez dakigu, azkenean, zertan geldituko den”.
Dikearekin gaian ez ezik, portuko beste zenbait obraren inguruan emandako hitza ere ez du bete Jaurlaritzak; eta horrek hainbat herritarren haserrea ere sortarazi du. Izan ere, haien egunerokoan eragozpen ugari sortu dituzte.
Mutrikuko portuan Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika saileko Garraio Azpiegituren zuzendaritzaren ardurapean bi obra hasiak daude: porturako lehorreko sarbidearen konponketa (Burumendi-Samikolla errepidea), eta pantalanentzako argindarraren kanalizazioa. “Biak ere, egin beharreko obrak, biak gure herriko porturako garrantzitsuak. Baina biak aldi berean hasteak eragozpen ugari ekarri dizkie hainbat herritarri”, azpimarratu du alkateak. “Bi obrak batera hasteak portuan bizi den hainbat lagun obren artean harrapatua lagatzen ditu, horrek dakartzan arazoekin”.
Obrak hasi aurretik, Udalak Garraio Azpiegituren zuzendaritzari ohartarazi zion zer gerta zitekeen eta neurriak hartzeko eskatu. “Hala egingo zutela esan ziguten, baina beste behin ere, ez dute esandakoa bete; eta Udalaren eta herritarren eskaerei bizkarra eman diete”.
PORTUKO PLAN BEREZIAREN BERRIKUSKETA
2014an Mutrikuko Portuko Plan Bereziaren berrikusketari ekingo ziola adierazi zion Jaurlaritzak Udalari. Udalak bere aldetik, herriko hainbat eragilerekin adostutako hausnarketa prozesuaren berri eman zien Garraio Sailburordetzako hainbat kideri, 2013ko udaberrian; eta maiatzean, sailburuari zuzenean azalpenak emateko bilera ere eskatu zuen.
Bilera horien guztien helburua Mutrikuko herriak Mutrikuko portuaren inguruan etorkizunerako ze ikuspegi duen eskaintzea da. “Badakigu portua ez dela gure eskumena, baina uste dugu bertako errealitatearen ezagutzak ekarpen egokia egin diezaiokeela aurrera begirako aurreikuspenari”, azaldu du alkateak. “Hori dela eta, esperantza badugu, aurki, maiatzeko eskariari erantzun eta, sailburuari gure hausnarketaren berri emateko aukera izango dugula” gaineratu du.
Aurrera begirakoan, Udalak elkarlanerako konpromisoa agertu nahi izan du, berriz ere, bai eguneroko jarduneko kontu txikietan bai aurreikuspen prozesuetan. “Uste dugu beste administrazioek gure herrian egin behar dituzten aktuazioetan Udalak zer esana izan behar duela, baita herritarrek ere” azpimarratu du Palenzuelak. Administrazioen arteko kolaborazioa eta efikazia printzipioak aldarrikatu ditu Udalak aurrerantzeko funtzionamendurako. “Azken batean, guztiok dihardugu herritarrentzat lanean; gurean, mutrikuar guztientzat”.