Joseba Palenzuela: “Garraio azpiegituren zuzendaritzak ez dio erantzuten herri honen beharrei”

2014/05/23
Zortzi hilabetetan Udala bilera eske egon da, eta lortu duenean, herriko portua eta inguruak uda denboraldirako prest ez direla egongo jakinarazi diete Jaurlaritzako ordezkariek.

“Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak ez dio erantzuten herri honen beharrei”, hitz horiekin erakutsi du Joseba Palenzuela alkateak Jaurlaritzako ordezkariekin bilera egin ondorengo atsekabea. Udalak zortzi hilabetez biltzeko eskaera egin ondoren, asteon egin dute, azkenean.

Herriko portuaren gainean eskumena duen zuzendaritzarekin biltzeko arrazoi sendoak zituen Udalak. Alde batetik, uda denboraldirako guztia prest eduki nahi zuten, eta bestetik, portuan amaitzeke dauden lanen inguruan galde egin nahi zien. “Dikeari buruz galdetu genien, zehazki, baina ez genuen erantzun garbiegirik jaso. Uda denboraldirako, ordea, hainbat gauza egiteke geldituko zirela jakinarazi ziguten”, azpimarratu du alkateak nahigabez.

Udal ordezkariek aurrez ere hainbatetan idatziz eginda zituzten eskariak mahairatu zizkioten Garraio Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulori; besteak beste, hondartza eta igerileku berriko inguruak txukundu beharra; Danborreko gunea itxuratu eta jendearentzat zabaltzeko beharra, Kofradia aurreko aparkalekuen kudeaketa argitzeko beharra; Burumendiko etxeen azpiko aldeko ezponda segurtatu beharra eta kantinaren kudeaketa eskualdatzeko nahia. “Azken puntu horrek, eman ez arren, garrantzia dauka herriarentzat. Kantinako errenta Udalaren esku egongo balitz, udan sortzen diren gastuen zati bat horrekin ordainduko baigenuke”, azaldu du.

Jasotako erantzuna, ordea, ez zen espero izandakoa: “Egiteko asmo dutena ez da ekainerako egongo, eta zenbait gauza ez dituzte egitea aurreikusi ere egiten”, laburtu zuen Joxan Agirregomezkorta gobernazioburuak.

Horren aurrean, Udalak zenbait lan bere kabuz egitea erabaki du. Horrela, esaterako, hondartza eta igerileku berriko inguruan denboraleak egindako kalteak ekainerako txukunduko eta itxuratuko dituzte, eta dutxak ere jarriko dituzte.  “Beste erakunde batzuek dioten bezala, Udalak ere pertsonak ditu helburu, eta horregatik gure gain hartuko ditugu lan horiek. Iaz ere Udalak, herritarren eta herriaren onerako, Samikolla-Burumendiko lanak bere gain hartu behar izan zituen, eta errepidea zabaldu ahal izan zen, behin-behinekotasunez”, gogorarazi du alkateak. “Denborak erakutsi zigun erabaki zuzena hartu genuela”.

Gainontzeko gaiei dagokienez, egoera honako hau da: 

Aparkalekuen eta kantinaren eskualdatzearen inguruan Udalak proposamena egina dauka, baina oraindik ez du erantzunik jaso.

Danborreko hesia atzeratzeari uko egin diote “obra gunea” dela argudiatuta. Eta atzeko aldea txukuntzeko eskaera onartu arren, ez da berehala egingo. “Erakutsi genien Danborrari herritarrek ematen zioten erabilera irudi bidez ere, baina ez genuen iritziz aldatzea lortu”.

Hondartza sarrerako ezpondari dagokionez, lehentasunen arabera jokatuko dutela adierazi zuten. “Baina galdetu arren, ez zuten zehaztu Mutriku lehentasun horietan non gelditzen den”.