Kalaputxiren alde aterako dira aurten santaeskaleak

2014/01/30
Bertso Eskolaren deiari erantzunez, aurten ere, herriko kultur taldeek bat egingo dute Santa Eskearekin; parte hartu nahi duten guztiek 10:00etan, Luardon egon beharko dute.

Zapatuan aterako dira santaeskaleak Mutrikun, usadioari jarraituta. 10:00etan, Luardo etxean batuko dira kale eta baserrietara koplak eramateko.

Bi helburu nagusi izango ditu aurtengo Santa Eskeak, batetik herritarren parte hartzea bultzatzea eta bestetik diru premian dauden herriko kultur taldeei laguntzea. Aurtengoan,  Kalaputxiren alde ariko dira.  “Kultur taldeekin batu gara, eta haietako askok erakutsi dute parte hartzeko borondatea”, azaldu dute bertso eskolakoek. Herriko kultur taldeetan ari direnen parte hartzea, ordea, ez da berria. “Askok urtero parte hartzen dute Santa Eskea aurrera ateratzeko, kultur taldeetan egon ala ez”.

Aurtengo asmoa, ahalik eta jende gehien elkartu eta santaeskaleak herriko bazter guztietara iristea da, kale nahiz baserri. Hau lortzeko, orain arte parte hartu ez duten herritarren laguntza beharko dute.

Lau talde osatuko dituzte biltzen den jende guztiarekin.  Bertso eskolatik hiru talde aterako dira: lehenego taldeak Imanol Lekunberri eta Iñigo Arrizabalaga izango ditu koplari, eta goizean eta eta arratsaldean kalean ibiliko dira santa eskean; bigarren taldeko koplariak Jexux Mari Irazu eta Laxaro Astigarraga izango dira, eta talde horrek Olatz eta Ibiri bailarak koplatuko ditu; eta hirugarren taldea Astigarrabia eta Olabarrietatik ibiliko da, eta Jokin Uranga eta Orlando Arreitunandia ariko dira kopletan. Laugarren taldea, Mijoa auzoko taldea, goizean Galdua bailaran, eta arratsaldean Mijoan ibiliko da, eta Iñaki Apalategi eta Xabi Astigarraga izango ditu koplari.  "Santa eskea goiz eta arratsalde izaten da, baina nahi duenak parte har dezake goizean edo arratsaldean soilik". 

Parte hartzaileek, ohi bezala, bertso eskolak antolatutako bazkaria eta afaria edukiko dituzte. “Ez da ahaztu behar ere, kantuan doazenak oso ondo zaintzen dituztela han eta hemen”, azpimarratu dute. “Giroa ziurtatuta dago, eta parte hartzerakoan, gainera, herriko kultur taldeei aurrera egiten lagunduko diezue. Beraz, animatu Santa Eskean parte hartzera”.