Kalbaixotako marmitako txapelketan izena emateko epea amaitzear da
Urtero bezala, Txoko Eder elkarteak marmitako lehiaketa antolatu du irailaren 15ean, Kalbaixo Txiki Egunean. Izena emateko epea irailaren 10era arte egongo da zabalik. Horretarako, interesatuek Alvaronean edo Sabinan izena eman beharko dute, taldeko 6 euroko fidantza jarrita.
Baldintzei dagokienez, gehienez, 16 taldek parte hartu ahalko dute lehiaketan. Eta talde bakoitza gehienez ere bi lagunek osatu ahalko dute. “Talde bakoitzak 15 lagunentzeko marmitakoa egin beharko du”, azaldu dute antolatzaileek.
Egunean bertan, lehiaketa 10:00etan hasiko da eta 13:00etan amaitu. Sari banaketa 14:00etan hasiko da eta ondoren, enkantea egingo da, Beheko Plazan. “Epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da”.
Osagaiak eta tresnak
Antolatzaileek, taldeko 3 kilo hegaluze, 4,5 kilo patata, olioa, gatza eta sua ipiniko dute. Taldeko kideek, aldiz, lapikoa eta beste tresnak eroan beharko dituzte. “Piper berdeak edota gorriak, txorizo piperrak, kipula, ogia, pipermina eta tomatea taldeko kideek eraman beharko dituzte. Horiez gain, barazkiak baino ez dira onartuko; ezin da kondimendurik erabili”.
Guztira sei sari banatuko ditu epaimahaiak:
- 1. saria: Txapelak eta 250 euro.
- 2. saria: 175 euro eta kopa.
- 3. saria: 100 euro eta kopa.
- 4. saria: 2 ardo botila eta kopa.
- 5. saria: 2 ardo botila eta kopa.
- 6. saria: 2 ardo botila eta kopa.