Kalbaixotarren Egunean demak nagusi

2013/09/25
Elorrixa auzoko (Deba) zaldiak eta mendaroko gizon taldeak neurtu zituzten indarrak lehendabizi, eta arratsaldean idien indarra neurtu zuten Kalbaixoko harriarekin.

Domekan, hilak 22, Kalbaixotarren Eguna zela medio, Mendaroko Giza Proba Taldea eta Debako Elorrixa auzoan dagoen Etxeberri baserriko zaldiaren arteko lehia ospatu zen.

Lehenik zaldia abiatu zen Jon Lazkano eta Mikel Garaialde lagun zituela eta 900 kiloko harriarekin 55 plaza osatu zituen, 20 minutuan. Ondoren etorri ziren mendaroarrak, tartean mutrikuarrak ere bertan zirelarik, eta hauek ere 55 plaza burutu zituzten 800 kiloko harriarekin. Lehia oso polita izan zen eta hemen ere jendearen laguntza ezinbestekoa izan zen.

Arratsaldeko idi deman, berriz, Isidro Erretegiko idi parea izan zen garaile 50 plazarekin, bigarren Iñaki Oliden 46 plazarekin eta hirugarren Rafa Irarreta 36 plazarekin. Zozketa ere egin zen eta 600 euroko lehen saria 05058 zenbakia zuen Etxeberriko Agustin Alberdik eskuratu zuen, 200 eurokin osatutako bigarren saria berriz 3448 zenbakia zuen Juan Larrea 'Mote' mutrikuarrak eskuratu zuen.

ITURRIA: Alberto Gorritiberea (Diario)