Kantera atzean aparkalekuak egiteko lanak hasi dira

2014/03/27
Lurraren jabeak bere gain hartuko du Komentuko pareta botatzea eta lurra lautzea, eta Udalak gainontzekoa egingo du ; 56 aparkaleku berri sortuko dira lanak amaitutakoan.

Atzo eman zituzten kantera atzean aparkalekuak egiteko lehen urratsak. Komenduko pareta botatzea izango da lehendabiziko lana, eta horretan hasita dago Lurkide enpresa (Azpeitia, Gipuzkoa).

Pareta bota eta lurra lautzea lursailaren jabeak bere gain hartuko du; ondorengo lanak - ingurua aparkalekua izateko egokitzea- Udalaren lana izango da. Horretarako Udalak 40.000 euro inbertitu beharko ditu. Proiektuak, guztira, 90.000 euroko kostua dauka. "Lanak amaitutakoan, 56 aparkaleku irabaziko ditu herriak", zehaztu du Joseba Palenzuela alkateak. Aparkalekuak 84 metroko luzera eta 15 metroko zabalera edukiko ditu, eta komentuko lurretatik berezita egongo da hesi baten bidez.

Udala pozik dago jabekidearekin proiektua gauzatzeko bidea egin duelako. "Lursail hori sustatzaile batek eskuratuta dauka eta etxebizitzak egitea du asmo. Baina zenbairt urtetan asmo hori ez du gauzatuko. Hori jakinda, gune hori aprobetxatzea eta herrian dugun aparkaleku arazoari irtenbidea emateko baliatzea zen gure asmoa, eta lortu dugu", azaldu du Palenzuelak.