Kanteratzeko aparkalekuak zabalik egongo dira bihartik aurrera
"Azken ukituak gaur eman eta gero, bihartik Kanteratzeko aparkalekuak erabiltzeko moduan egongo dira". Hala jakinarazi du Joseba Palenzuela alkateak.
Kanteratzen, guztira, 58 aparkaleku daude; horietako bi ezinduentzako aparkalekuak dira. "Kamioiek ezingo dituzte aparkaleku horiek erabili", azpimarratu du udal aparejadoreak. Aparkalekuek helburu nagusia herriaren erdiguneari "arnasa" ematea da. "Inguru horretan autoen joan-etorria dela-eta nahaste ugari sortzen dira. Aurrez zeuden aparkalekuei, komentukoak eta hauek gehituta arazo horri irtenbidea ematen saiatzea da Udalaren helburua", azaldu du alkateak.
Aparkalekurako sarrera-irteerak eta bestelako oharrak gaur jarriko diren seinaleen bidez zehaztuta egongo dira. "Sarrera Garroneko etxeen parean egongo da; irteera, berriz, futbol zelaia dagoen aldean", aurreratu du udal aparejadoreak.
Aparkalekuak egin ahal izateko, Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiak tokiko ekonomiak dinamizatu eta eta inbertsioak bultzatzeko emandako diru laguntzaren zati bat erabili du; zehazki Udalak 40.000 euroko inbertsioa egin du Kanteratzeko gune horretan.