Kirolari lotutako lau sari emango ditu Udalak barikuko Kirol Galan

2013/12/18
Kirolari onena, Kirol talde onena, Kirol ibilbidea eta Aipamen berezia sariak emango dira; 19:00etan, zesta putari buruzko mahai ingurua egongo da, eta 20:00etan izango da, sari banaketa, pleno aretoan.

Sarietuen izenak erabakita daude: kirolari onena, hiruko koroa irabazi berri duen Erik Mendizabal zestalaria; kirol talde onena, mundu osoan Mutrikuren izena zabaldu duen sokatira taldearentzat; kirol ibilbidearen saria, ia bizi osoa herriko arraun taldeari lotuta aritu den Loren Elezgarai Txaparro-rentzat eta aipamen berezia, hondartzako futbolari eta Mutriku futbol taldeari hainbeste eman dion Luis Mari Arrieta. Horiek izango dira, hain zuzen ere, herriko ordezkarien eskutik oroigarria jasoko dutenak, hilaren 20an egingo den Kirolaren Galan.

Lehenengo aldia da Udalak kirolari lotutako gala bat antolatzen duena. Saritu guztiak izango dira ekitaldian, Miamin (AEB) ari den puntista izan ezik. "Erikekin internet bidez egingo dugu lotura", adierazi dute kirol batzordekoek. 

Gala ETBko kirol kazetari Txemi Galarragak zuzenduko du. Ekitaldia 20:00etan haisko da, eta ondoren mokadutxoa jkateko aukera egongo da. "Herritar guztiak daude ekitaldira gonbidatuta".

ZESTA PUNTARI BURUZ BERRIKETAN

Sari banaketa egin aurretik, zesta puntari buruzko mahai ingurua egongo da. Mahai ingurua ere Txami Galarraga kazetariak moderatuko du, eta 19:00etan, pleno aretoan, izango da.

Hizlariak honako hauek izango dira: Euskal Pelota Federazioko presidente Patxi Jauregi; Berriatuko eskolaren arduradun eta puntista ohi Felix Espilla eta Danok Bat eskolako arduradun eta puntista ohi Jon Mendixabal Goxerri.