Kofradi Zaharraren kudeaketa berrituko du Jaurlaritzak

2016/10/14
Mutrikuko Kofradia Zaharra eraikinaren kudeaketa eramateko lehiaketa publikoa deitu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika saileko Garraio Azpiegituren zuzendaritzak

Lehiaketa publikoaren helburua izango da kontsezioa ematea Mutrikuko portuko kofradia zaharraren eraikina okupatzeko eta bertan dauden taberna-jatetxea, ostatua eta Bentalekua museoaren ardura izateko.

Ohiko tramitazioa izango duen lehiaketa publiko ireki bidez egingo den lizitaziorako oinarrizko aurrekontua urtean 20.750 eurokoa izango da, BEZ gabe, eta behin-behineko bermea ezarri beharko da, egin beharreko obren aurrekontuaren %2koa, betiere, gutxienez 3.000 eurokoa.

Lehiaketa honi buruzko pleguak eta dokumentazioa Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzaren Gasteizko bulegoetan egongo dira eskuragarri, eta interneteko http://www.garraioak.ejgv.euskadi.eus helbidean ere bai, 2016ko azaroaren 2tik aurrera. Eskatzaileen betebeharrak eta eskaintza osatzeko aurkeztu beharko den dokumentazioa oinarrien pleguan zehaztutakoak izango dira.

Eskaintzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistro Nagusian aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) 2017ko otsailaren 28ko eguerdi aurretik. Eskaintzak Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren Gasteizko bulegoetan irekiko dira; irekitzeko  eguna, fax edo posta elektroniko bidez jakinaraziko zaie eskaintzak aurkeztu eta onartu zaizkienei.