Komentuko aparkalekua egokitzen ari da Udala

2013/01/28
Guztira 16 ibilgailurentzako lekua egongo da obra amaitzean; 
Komentu aurreko berdegunea herritarren erabilerarako prestatuko dute.

Santa Katalina komentuaren aurrean dauden aparkalekuak gehitzeko obra egiten ari da Udala. Lanak amaitzean, 16 aparkaleku egongo dira gune horretan.

Aparkalekuak egin ahal izateko, komentu aurreko berdegunea ixten zuen pareta bota dute. Era horretan, lanak amaitutakoan, berdegunea herritarrek erabili ahal izan dute. “Aparkalekuak gehitzeaz gain, berdegunea txukunduko dugu, eta herritarrek orain arte erabili ezin zuten aisialdirako gune bat irabaziko dute”, aitatu du Gobernazio buru Joxean Agirregomezkortak. “Bertan dauden elementuak, Jesusen bihotzaren estatua, esaterako, dauden lekuan mantenduko ditugu”.

Aparkalekuak zeharka eraikiko dira; hau da, ibilgailuek baterian aparkatuko dute. Ezinduentzako aparkaleku bat ere egongo da. Ibilgailuentzako prestatuko den gunea eta berdegunearen artean espaloia ere jarriko da. Horrela,  herritarrak “lasaitasun osoarekin” heldu ahal izango dira komenturaino.

Aparkalekuak gehitu eta berdegunea herritarrentzako berreskuratzeko, 21.320,68 euroko inbertsioa egin du Udalak, eta obra Antzomendi S.L. enpresa ari da egiten. “Herriko enpresei eman genien egin nahi genuenaren berri. Hiru enpresa aurkeztu ziren, hiruak mutrikuarrak. Eta baldintza onenak eskaintzen zituenez, Antzomendiri eman genion”.Komentua aparkalekuak

Komentuan aparkalekuak gehitzeko obra Udala prestatzen ari den herrigunerako trafiko planari lotuta dago. “Herrigunean trafikoa arindu, aparkalekuak optimizatu, oinezkoari lehentasuna eman eta gremioei lana erraztea da gure asmoa. Hori horrela izateko, herrigunearen bueltan alternatibak eskaini behar dizkiegu herritarrei, eta komentuko obra norabide horretan eman dugun pauso bat besterik ez da”. 

Herriguneko planaren zirriborroa aurkeztu zuen Udalak abenduaren 3an herriguneko hainbat eragileren eta erabiltzaileren aurrean. “Jasotako iradokizunak eta ekarpenak aztertu eta planari egokitzapenak egiten ari gara momentuan”.