Langabezia egoeran dauden ekintzaileei zuzendutako 52 diru-laguntza kudeatuko ditu DEBEGESAk.

2018/01/22
Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko diru-laguntza deialdi berria argitaratu du eta 74.575 euro bideratuko ditu Debabarrenean Debegesa garapen agentziaren bitartez.

• Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko diru-laguntza deialdi berria argitaratu du eta 74.575 euro bideratuko ditu Debabarrenean Debegesa garapen agentziaren bitartez. Diru-laguntza hauek enpresa-ideiak garatzeko eta enpresa-jarduera berriak martxan jartzeko izango dira eta langabezian egotea bete beharreko baldintza izango da.

 

• Eskaerak egiteko epea 2018ko urtarrilaren 25etik otsailaren 1era izango da; urtarrilaren 24an, 12:00etan, informazio-saioa egingo da Debegesaren egoitzan, Eibarren.

 

Langabezia egoeran dauden eta enpresa-ideia bat garatu edo enpresa-proiektu berria martxan jarri nahi duten Debabarreneko herritarrek Debegesa garapen agentziaren bitartez egin ahal izango dute eskaera Lanbidek ekintzaileei laguntzeko abian jarri dituen diru-laguntzak jasotzeko. Langabezian egotea bete beharreko baldintza izango da. Debegesa garapen agentziak, guztira, 52 laguntza eta 74.575 euro kudeatuko ditu eskualdean.

 

Debegesa da Debabarrenean diru-laguntza hauek bideratu eta banatuko dituena, Lanbideren entitate kolaboratzaile baimendua den aldetik, eta aholkularitza eta beharrezko duten laguntza eskainiko die ekintzaileei. Onartutako 52 diru-laguntzetatik 22 enpresa-ideia bat izanik ideia hori aztertu eta garatu nahi duten ekintzaileentzat izango dira, eta beste 30 diru-laguntza banatuko ditu Debegesak negozio-ideia zehaztua duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten.

 

Diru-laguntzen zenbatekoari dagokionean, enpresa-ideia bat garatzeko laguntza, gehienez ere, 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango zaio sustatzaile bakoitzari. Zenbateko hauek % 15 handituko dira baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta beste % 15 emakumezkoa bada.

 

Eskaerak 2018ko urtarrilaren 25etik otsailaren 1era aurkeztu beharko dira Debegesaren bulegoetan. 

 

Informazio-saioa, urtarrilaren 24an, 12:00etan

Lanbideren diru-laguntza deialdi honi buruzko xehetasun guztiak emango ditu Debegesak datorren urtarrilaren 24an, 12:00etan. Informazio-saioan diru-laguntza eskatzeko interesa duten herritarrek zalantzak argitzeko aukera izango dute.

 

Informazio gehiago debegesa.eus webgunean edota 943 82 01 10 telefonora deituz (Jaione Leibar).