Lankidetza hitzarmena sinatu du Mutrikuko Udalak 'OinHerri' herri hezitzaileak sustatzeko elkartearekin

2020/11/18
Mutrikuar guztiak eta herriko eremu nahiz txoko guztiak hezitzaileak direla kontutan hartuta, Mutriku 'herri hezitzailea' izan dadin elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta herri hezitzaileen sarea den OinHerrik.

OinHerri elkarteak zazpi giltzarritan oinarritzen du aisia-eredua. Zazpi eremu horiek elkarrekin ezkontzen, garatzen eta aberasten dira. Eta horrela formulatzen ditu OinHerrik euren lan-eremua eta xedea: Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea etaeuskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea.

Helburu hauekin hezkuntza ikuspegia zabaldu nahi da, hezkuntza etxean eta eskolan emateaz gain herrira ere zabalduaz, modu horretan Mutriku herri hezitzaileagoa izan dadin pausuak ematen jarraitzeko. OinHerri herri hezitzaileak sustatzeko elkarteak aholkularitza eta laguntza emango dio udalari, elkartearen helburu, printzipio eta lan-ildoak Mutrikun aplikatzeko abiatuko duen bidean.

OinHerri eta Mutrikuko Udalaren arteko harremanak eta lanketak urte hasieratik baldin badatoz ere, osasun larrialdi egoeraren ondorioz hitzarmenaren sinadura ofiziala atzeratu egin da. Lehengo asteartean sinatu zen lankidetza hitzarmenaren iraupena urte baterako da, urtez urte luzatu ahal izango delarik. Mutrikuko Udalak 3.000 euroko ekarpena egingo du, OinHerrik bestalde, aholkularitza eskaini eta herri hezitzailearen ikuspegiarekin lanean diharduten beste herrien esperientziak partekatuko ditu.

Hitzarmen honekin, Mutriku herri hezitzaileen sarearen parte izango da Asteasu, Azpeitia, Bergara, Elizondo, Dima, Donostiako Egia auzoa, Hernani, Mañaria, Oñati, Ordizia, Orio, Otxandio, Pasaia, Usurbil eta Zumaiarekin batera.