Lehen azoka txikia Emakumearen Nazioarteko Egunarekin batera dator

2014/03/07
Azokan emakumen baserritarraren irudiaren garrantzia nabarmenduko da, eta egunako mezuak zabaltzeko ere balioko du sasoiko eta bertoko produktuen plazak.

Zapatukoa izango da urteko lehen azoka, eta antolatzaileek Emakumeen Nazioarteko Egunerako prestatutako ekimenekin bat egitea nahi izan dute. “Baserrian emakumeak zutabe garrantzitsua dira eta hori aldarrikatzea da zapatuko asmoa. Horretarako, aldarrikapenerako erabilitako tresnekin jantziko dugu azoka”, azaldu dute antolatzaileek.

Lehenengo azoka hori 09:00etan zabalduko da, eta ohi bezala, Beheko plaza izango da azokagunea. Bertan batuko dira Mutrikuko Ibiri, Aritza, Antia, Basailun eta Goienetxe baserrietakoak, eta eurek ekoiztutako sasoiko produktuak edukiko dituzte aukeran. “Azoka txikiak, gutxinaka, kontzientziazio lana egiten ari direla esango genuke; garaian garaiko jatearen garrantziaz jabetzen hasita dago jendea”, azpimarratu dute antolatzaileek. Bertan izango dira ere Iratxe loredenda eta Ondare. "Ondarekoek, ohikoak dituzten kontserba eta mermeladak ez ezik, produktu berriak ere plazaratuko dituzte".

Martxoko azokak urteko azoken denboraldia zabalduko du. Azoka txikiak hileko bigarren zapatutan egingo dira. “Azoka txikiek iaz edukitako arrakasta izan da azokak berriz antolatzearen arrazoi nagusia”, azpimarratu dute.