Leire Rodrigezen kartela izan da Malenetarako aukeratua

2012/07/12
Jai Batzordeak aurten lehenengoz antolatutako kartel lehiaketan bost lagunek hartu dute parte, eta guztira, sei kartel aurkeztu dituzte. Epaimahaiak aurkeztutako lanen kalitatea azpimarratu du. "Guztiak ziren onak eta bete behar zuten funtzio betetzeko modukoak, baina irabazleak dinamismo berezia zuen, koloreen aukeraketan ere igarri du, eta erabilitako elementuekin benetan asmatu duelakoan gaude", azaldu du kultura zinegotzi Olatz Azpiazuk.

Kartel irabazleak grafiari mugimendu handia eman dio, eta kolore bizien aldeko hautua egin du. "Jaietako kartela denez, jaigiro hori islatzea lortu nahi nuen", azaldu du irabazleak. Gainera, Mutrikuko elementu bereziak eta Malenetako elementu identifikatzaileak bateratu ditu. "Kartela Mutrikuko Malen jaietarako zela argi gelditzea zen nire asmoa, eta ez edozein herri eta festatarako balio lezaken lana aurkeztea".

Rodrigezek herriko jatetxe baten bi laguntzeko afaria irabazi du. Lehen aldia zen horrelako lehiaketa batera aurkezten zela, eta bere lana aukeratua izateak poz handia eman dio. "Kartel lehiaketa egitearena ideia oso ona izan delakoan nago. Herri askotan egiten da, eta herritarrak jaiaren parte egiteko beste modu bat dela uste dut. Gehiagotan egin beharko litzateke".

Bigarren, Jon Naberan gelditu da, eta hirugarren, berriz, Eider Lekube. Herriko produktuei otarra eta herriko taldeen disko sorta eskuratuko dituzte, hurrenez hurren.