Lokal hutsen azterketa egiteari ekingo dio Udalak

2014/11/13
Ekintzaile berrientzat lagungarri den informazioa batu nahi da, eta aldi berean, merkataritzari bultzada bat ematen saiatu

Mutrikuko lokal hutsen inguruko informazio osatua eskuratu nahi du Udalak. Informazio horrekin, lokal beharrean dauden ekintzaileei laguntzea da asmoa, eta bide batez, herriko merkataritzari bultzada bat ematea. Horrez gain, merkataritza guneak identifikuatu eta potentziatuko dira. Ekimen hori Garapen Planaren baitakoa da.

Lokalen azterketaren helburua zera da:  herrian alokatzeko edo saltzeko dauden lokalek ze ezaugarri dituzten, zein egoeratan dauden eta ze erabileretarako egokiak izan daitezkeen ikustea. Horretarako, besteak beste,  honako datuak jasoko dituzte: ze motatako lokalak diren, non dauden eta  ze azpiegitura/baliabide dituzten . “Datu base bat sortu nahi dugu enpresa-ideiaren bat martxan jarri nahi duen ekintzaileari bidea errazteko. Datu base horri esker, aukeran ze lokal dituen jakingo luke eta berarentzat egokia zein den aukeratu”, azaldu du Garapen Planaren koordinatzaile Marta Amonarrizek.

Lokalen informazio osatua duen datu basea sortzeaz gain, azterketak herrian dauden hutsuneak ere agerian utziko ditu. “Lokal hutsei ez ezik, martxan dauden negoziei ere erreparatuko diegu. Modu horretan, herrian ze negozio dauden jakingo dugu, eta hortik ze hutsune edo behar dauden ikusteko gai izango gara. Informazio hori ere baliagarria izango da negozioren bat jarri nahian dabilen ekintzailearentzat”, aitatu du Amonarrizek.

Azterketa aurrera eramateko, Ikei izeneko enpresa kontratatu du azterketa egiteko, eta enpresa horretako teknikariak izango dira lokalen jabeekin kontaktuan jarriko direnak. “Hala ere, lokal hutsak dituzten jabeak, nahi izanez gero, zuzenean turismo bulegoarekin kontaktuan jartzea ere badaukate. Batera zein bestera, herriarentzako onuragarriak izango diren lankidetzak sortzen joatea da asmoa”, gaineratu du Amonarrizek. “Guztion nahia da Mutriku herri bizia izatea, eta horretarako guztion lana garrantzitsua da”.