Maiatzaren 4tik aurrera, Beheko Plazara arratsaldeetan ezingo dira ibilgailuak sartu arratsaldetan

2015/04/29

Herritarrek horrela eskatuta, Beheko Plaza oinezkoentzat bihurtzeko azken pausua eman du Mutrikuko Udalak. Maiatzaren 4tik aurrera, arratsaldez bertara ibilgailuekin sartzea debekatuta egongo da.

Udalak hartutako neurri berriaren eraginez, goizetan bakarrik sartu eta aparkatu ahal izango da gunean. 15:00etatik aurrera, ordea, ezin izango da ez sartu ez aparkatu. «Aipatutako gunea, ibilgailurik gabeko gunea izango da. Beraz, gune barruan dauden ibilgailuek isuna jasoko dute», adierazi dute udal ordezkariek.

Joxean Agirregomezkorta udal gobernazioburuak gaineratu duenez, asteburuetan ere itxita egongo dira Beheko Plaza eta inguruak. «Zapatuan 15:00etan itxi eta astelehen goizera arte ez da zabalduko pasabidea».

Correos parean ipinitako zutoin batzuek eragotziko dute igarobidea. Larrialdi edo momentu puntualetan bidea zabaldu ahal izateko, aldiz, herritarrek udaltzainekin harremanetan jarri beharko dute. Era berean, espazio horren barruan negozioak edota garajeak dituzten herritarrek bertatik igarotzeko baimena izango dutela gogorarazi du udalak. «Herritar horiek udaltzaingora hurbildu beharko dute zutoinak irekitzen dituzten giltza eskatzera».