Malenak iragartzeko kartelak aurkeztu dira
Ohiko moduan, kartel lehiaketako kartel irabazleak Arte Eskolako kideek aukeratu zituzten.
Malen Jaien egitaraua aurkeztuko duen kartel nagusia hogeita bat urteko Xabier Isasti getariarrak egin du. Diseinu grafikoko ikasketak egin dituen gazteak adierazi duenez “ jaietan elementu nagusi den danborrada islatu nahi izan dut kartelean, jaien ardatza horixe delakoan. Horrekin batera, jaien ezaugarri den kolore aniztasuna agertu dut, horien artean herriko banderaren urdina nagusi izanik”. Sarituak 300 euroko saria jasoko du.
Malenetako Umeen eguna aurkezteko kartela, berriz, Nora Beristain donostiarrak egin du. DBH1 ikasketak amaitu berri dituen gaztearen hitzetan “Malen jaietako pertsonaia nagusiak bildu nahi izan ditut eta kontserba-poto batean sartu: buruhandia,danborra, balea… Elementu horiekin batera, jaietako txinpartak eta aparrak ere agertu ditut, jaietako pozaren erakusle”. Gazteen mailako sarituak 100 euroko saria jasoko du.
Sari-banaketa ekitaldia uztailaren hogeita bostean izango da, Santixo egunean, egun horretan izango den Pintura zertamenaren sari-banaketa ekitaldiarekin bat.