MARTXOAK 8: ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Dimentsio askoko krisi sistemikoan gaude, zeina gurutzatu eta erlazionatu egiten baita aurretik zeuden beste krisi batzuekin; esaterako, ekologikoa eta zaintza-arlokoa. Pandemiak agerian utzi ditu mugimendu feminista eta emakumeen kolektiboak egiten ari ziren zenbait aldarrikapen: giza bizitza zaurgarria da, eta giza ingurunearen, ingurumenaren eta ingurune komunitarioaren zeharo mendekoa. Ezerk ez du garrantzi handiagoa izan behar bizitza zaintzeak baino, pandemia dela-eta muturreraino prekario bihurtu eta ahuldu den bizitza. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustu erradikala egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan
Hilabete hauetan genero-desberdintasun estrukturalen gorakada errealitate ukaezina da: emakumeek beren gain hartu dute zaintzen karga gehiena, ordaindua eta ordaindu gabea; lana galdu edo lan-baldintza are prekarizatuagoak ezarri dizkiete; birusa hartzeko arrisku handiagoa dute, genero-ikuspegiarekin ikertu gabe jarraitzen zuten bitartean; indarkeria matxista areagotu egin da, hari aurre egiteko baliabideak eta baldintza materialak mugatzen ziren bitartean; beste behar batzuk baztertu egin dira, hala nola sexu- eta ugalketa-osasuna edo osasun mentalarekin lotuak; parte-hartze soziopolitikorako aukera eta baldintzak galdu dituzte, etab.: azken batean, eta batez ere kolektibo zaurgarrienetako emakumeei dagokienez, pobretu dira zentzu guztietan, indarkeriaren aurrean babesgabeago daude, haien osasuna okertu egin da, zaintza-lanen zama handiagoa da...
Gaur, martxoak 8, Emakumeen nazioarteko egunean, pandemiak eta haren kudeaketak baldintzatutako urte honetan, aintzat hartu beharra dago emakumeek pandemia eta beraren ondorioak borrokatzeko mundu osoan egindako ekarpena. Zaintzaren ardura emakumeei egokitu zaie, bai zerbitzu publikoetan (osasungintza, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak, merkataritza eta elikadura...) bai etxeen barruan, eta batez ere haiek eraman dute krisi sanitario eta sozial honetan funtsezkoak izan diren zerbitzu askoren zama. Emakumeen artean ere banaketa desorekatua da, klase sozialaren, arrazializazioaren eta migrazio-estatusaren arabera. Gainera, kasurik gehienetan egoera prekarioan egindako lanak dira.
Ondorioz, gizarteak bere aitorpena adierazteko moduak konpromiso irmoa izan behar du, berdintasunik gabeko banaketa bidegabe horri euskarria ematen dioten genero-arrakalak borrokatzeko konpromisoa. Publikotik krisi honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, globaletik tokikoraino eta alderantziz. Euskal Herrian, gure eskumen-esparru mugatuan, argi daukagu gure lurraldeetan gure bizitzaren burujabe ez garen bitartean ezin izango ditugula beharrezko aldaketa guztiak bultzatu: hala ere, badaude aukerak bide hori marrazten joateko, sisteman pitzadurak irekitzeko, eta, hain zuzen ere, tokikoa da eremu egokiena. Azken hilabeteetan Euskal Herriko hainbat udalerritan bultzatu diren zaintzako ekimen publiko-komunitarioak eredu ezin hobea dira.
Horretarako, erakundeak koordinatu behar dira, eta bideak ireki herritarrek erabaki publikoetan benetan eta eraginkortasunez parte har dezaten, batez ere emakume-talde anitzek eta mugimendu feministak. Udalok, lehen lerroan gauden heinean, behar bezala aurre egin behar diogu daukagun erantzukizun publiko handiari, eta hori premisa feministetatik egin behar da, artikulazioa eta parte-hartzea bultzatuz, plan eta programa eraldatzaileak eginez, larrialdiei arreta emanez eta behar diren baliabide guztiak ahalbidetuz.
Egun honek udal honek politika publiko-komunitario feministekin duen konpromisoa berresteko balio behar du, krisiaren ondoriozko larrialdiei erantzuteko eta erdigunean bizitza zainduko duen gizarte-eredu baterantz joateko.
Horregatik guztiagatik, Udal honek, bere eskumenen esparruaren barruan, honako konpromisoak hartzen ditu:
● Gizartean zaintza antolatzeko ereduari buruzko eztabaida bultzatzea eta eztabaida horretan buru izatea, bizitza erdigunean jartzean oinarritzen den ikuspuntu feminista batetik abiatuta, zaintzaren erantzunkidetasun sozial eta komunitarioranzko bidean.
● Analisia egitea, genero-ikuspuntutik, kolektibo zaurgarrienen egoerari eta beharrizanei buruz, baita COVID-19aren ondorioei buruz ere, eta horiei aurre egiteko premiazko neurriak martxan jartzea.
● Horretarako, Udaleko genero indarkeria edo sexu erasoen emakume biktimeiarreta hobea emateko protokoloa berrikusi eta osatzea, mugimendu feministarekin eta emakume kolektibo desberdinen parte hartzeko prozesuaren bidez.
● COVIDaren krisiaren eragina arintzeko onartzen diren neurri guztietan genero-ikuspuntua gehitzen dela bermatzea, laguntzez eta babes-programez den bezainbatean.
● Konponbide bideragarriak aztertzea eta ezartzea adingabekoen eta mendekotasuna dutenen zaintzari laguntzeko tokiko zerbitzuentzat, zaintza baldintza duin eta bidezkoetan egin dadin saiatuz edo/eta erraztuz, bai ematen duenarentzat bai jasotzen duenarentzat ere.
● Hainbat sektoretako zaintzaileen arteko topaketarako espazioak sustatzea eta/edo laguntzea, elkar babesa, prestakuntza eta artikulazio politikorako.
● Emakume, nerabe eta neskatoen ahalduntze indibidual eta kolektiborako ekintzak bultzatzea, tokiko eragile feministekin batera.
● Berdintasuneko tokiko politikak garatzeko eta generoa tokiko politika guztietan zehar-lerroa izateko erabiltzen diren giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak bermatzea eta babestea.
● Tokiko zaintza-sare komunitarioei babesa ematea.