Merkataritza, ostalaritza eta turismoa landuko dituzte zuEKIN! ekimenaren baitan aste honetan

2014/05/12
Martitzenean (13) eta eguaztenean (14) izango dira aste honetako bi saioak eta herritar guztientzako dira; eguaztenean herriko zenbait enpresetako esperientziak entzuteko aukera egongo da.

Aste honetan merkataritza, ostalaritza eta turismoa izango dira zuEKIN! jardunaldietan aztertuko dituzten sektoreak. Horretarako bi saio egingo dira: bata maiatzaren 13an (martitzena) eta bestea maiatzaren 14an (eguaztena). Bi saioak 19:00etan, Zabielen izango dira.

Jardunaldien helburu nagusia herrian lanpostuak sortzeko bideak egitea da. Lehen saioan adituek sektorea zertan den azalduko dute, eta gaur egungo tendentziak eta aukerak mahairatuko dituzte. Horrez gain, dirtu laguntzen inguruko informazioa ere eskainiko dute. Bigarren saioan, berriz, herrian sektore horretan zabaldutako zenbait enpresen ingurukoak entzun ahal izango dira enpresen arduradunen ahotik.

Saio bakoitzeko hizlariak eta bertan landuko dena honako hau izango da:

 

Maiatzak 13 (martitzena):

Aitziber Santa Kruz (Dendartean):  “Merkataritzaren egoera eta gaur egungo joerak” hitzaldia emango du. Besteak beste, merkataritzaren egungo egoera aztertuko du, negozio bat martxan jarri aurretik kontuan hartu beharreko puntu garrantzitsuak errepasatuko ditu eta momentuan dauden diru laguntzak eta intereseko informazioa zabalduko du. 

Marta Amonarriz (Mutrikuko Udala): “Mutrikuko egoera eta aukerak” hitzaldia emango du. Besteak beste, herrian dauden establezimendu kopurua eta jarduera moten informazioa zabalduko du, inguruko herriekin konparaketa eginda. Etorkizunera begirako erronken eta aukeren inguruan ere ariko da.

 

Maiatzak 14 (eguaztena):

Merkataritza, ostalaritza eta turismo arloan “Martxan dauden ekimenen esperientzia batzuk” azalduko dira. Bertan ondorengo hizlariek parte hartuko dute: 

Xanti Rios (Piper Fishing, Mutriku): Merkataritza munduan azken hamarkadan izandako esperientzia kontatuko du, arrantzaren inguruko jarduerei  loturiko produktuekin. 

Inhar Mutiozabal (Inhar Mutiozabal argazki estudioa, Mutriku): Mutrikuko merkataritza alorrean lanean hasi berri den gazte ekintzaile honek bere esperientzia kontatuko digu eta merkataritzarekiko duen ikuspegi dinamikoaren inguruan ariko da. 

Iñaki Arin (Arbe Hotela, Mutriku): Arbe Hotela hiru izarretako hotela da, eta turismo alorrean, azken urteetan Mutrikun izan den apustu pribatu handienetarikoa da. Beraien eguneroko esperientzia eta motibazioa erakutsiko dizkigu Arinek.