Merkatu Txikia
Azokaren datuak:
Eguna: Urriak 5, larunbata
Ordutegia: 09:00etatik 14:00etara
Lekua: Beheko plaza
Bertaratuko diren ekoizleak:
Ibiri eta Ekoalboraz baserrietako produktuak izango dira eskura. Horrez gain, Iratxe loradendako landareak, Ondareko barazki eta fruita kontserbak, Goienetxeko ardi gazta eta Urretxuko Juanjoren eztia erosi ahal izango dituzte herritarrek.
Irailean zehar Zabiel Kultur Etxean erakusketa arrakastatsua egin ondoren, Amaia Aberasturik ere parte hartuko du, eta berarekin batera Mutrikuko Institutuko eta Musika Eskolako ikasleek hainbat produktu salmentan jarriko dituzte kurtso amaierako bidaiarako dirua biltzeko asmoz.
Debabarreneko gaztaien kata:
Mutrikuko Udalak eta Debemenek lagundutako ekintza honetan, Mutrikuko Goienetxe, Elgoibarko Mausitxa eta Mallabiko Axeleku gaztak Sagarmiña txakolinarekin batera dastatzeko aukera izango dute merkatuan erosketak egingo dituzten herritarrek 12.00etatik aurrera. Dastaketak ordu eta erdi inguru iraungo du eta doakoa izango da.
Azokako Produktuen Zozketa:
Azoka guztietan bezala, Merkatu Txiki honetan ere, herriko ekoizleei erostearekin batera, bertako produktuez osatutako produktu sorta bat irabazteko zozketan parte har dezakete bezeroek. Produktu sorta 50€tan baloratua dago.
Bertan ekoiztutako produktu aukera zabala
Garaian garaikoa jatea hoberena eta larunbatean, hainbat gauza ezin freskoagoak erosteko aukera bikaina.
Bertokoa eta sasoikoa eskura, larunbat honetan!