Merkatu Txikia
Dakizuenez, normalean, hilabeteko bigarren larunbatean izaten da merkatua, baina oraingoan, Udala eta ekoizleen artean maiatzak 16ra aldatzea adostu da, COVID-19 koronabirusaren eragina dela eta, bai bezeroen zein ekoizleen segurtasuna bermatzeko. Horrez gain, lehen fasean sartu garen aldetik, beste komertzio eta zerbitzuen irekierarekin batera Merkatua ere herritarrengana hurbilduko da.
Zaila da aurtengo Merkatu Txikien antolaketa aurreratzea, ez baitakigu ze nolako eboluzioa izango duten deseskalada fase ezberdinek. Hala ere, aurrez udala eta ekoizleen artean adostutako datak errespetatzen saiatuko gara.
Hauek izango dira 2020ko Merkatu Txikien datak:
- Maiatzak 16
- Ekaina 13
- Uztaila 4
- Uztaila 18
- Abuztuak 8
- Abuztuak 22
- Irailak 12
- Urria 10
AZOKAREN DATUAK
Eguna: Maiatzak 16, larunbata
Ordutegia: 09:00etatik 13:00etara
Lekua: Beheko plaza
Bertaratuko diren ekoizleak: Ibiri, Antia, eta Ekoalboraz baserrietako produktuak izango dira eskura. Horrez gain, Iratxe loradendako landareak, eta Zortziko eztia erosi ahal izango dituzte herritarrek.
SEGURTASUN NEURRIAK:
Guztion segurtasuna bermatuta izango da merkatu txikian. Horretarako, Udalak zein ekoizleek neurri bereziak hartuko dituzte erosketak era seguruan egin ahal izateko:
- Ekoizleek erabiliko dituzuen mahai guztiak garbitu eta desinfektatuko dira.
- Plaza desinfektatuko da merkatuaren aurretik.
- Karpak errebisatu eta desinfektatuko dira.
- Gel Hidroalkoholikoak eta babes pantailak izango dituzte ekoizleek. Baita maskarilak eta eskularruak ere.
- Bezeroentzat ere gel hidroalkoholikoa izango da plazaren sarreran, eskuak garbitzeko.
- Mahaien artean, zein erosleen artean 2m-ko tartea utziko da.
- Ekoizle bakoitzak bi mahai izango ditu: Atzeko mahian produktua jartzeko eta aurreko mahaian zerbitzatzeko. Produktua ekoizleek bakarrik ukituko dute; Bezeroek ez.
- Ekoizleen postu bakoitzeko pertsona bakarra izango da.
Segurtasuna bermatzeko esfortzua denon aldetik izan behar du, eta horretarako erosleei etxetik maskarilarekin etortzea gomendatzen die udalak.
DASTAKETA ETA ZOZKETA
Azken urteetan azoka txikiei lotuta produktuen dastaketa bat edo bestelako ekimenen bat antolatu izan da. Horrez gain, azokako produktu ezberdinekin osatutako produktu sorta bat ere zozketatzen zen merkatu amaieran.
Oraingoan, eta bezero zein ekoizleen osasuna babesteko, ez da honelako ekimenik antolatuko.
HERRIAN EROSTEKO DEIA
Krisialdi honek erakutsi digu bertako produktu eta ekoizpenen garrantzia handia dela; galdu behar ez dugun indargunea, eta Mutrikuk produktu bikainak ditu, lurretik zein itsasotik datozenak.
Orain inoiz baina garrantzi handiagoa du gure erosketak herrian egin eta bertako ekoizleek hazitako produktuak kontsumitzea, bertako ekonomia sustatu eta herria indartzeko.
Horrez gain, osasunari begira gaude azken hilabeteotan eta bertokoa eta sasoikoa jatea baina ohitura osasungarriagorik ez dagoenez, usadio horiek berreskuratzen saiatu behar dugu.