Minbizia dutenei zein senitartekoei zuzendutako saioa egongo da etzi

2014/02/11
Gaixotasunari eta hari lotutako aspektuei aurre egiteko bakarrik sentitu beharrean, laguntza topatzeko bideak eta aurkituko dituzten laguntza moduak azalduko dizkie zuzenean Minbiziaren Aurkako Elkarteko zuzendariak.

Mutrikuko Politika Soziala sailetik azken urteetan minbiziaren inguruan hainbat saio egin dira. Landutako gaiak, besteak beste, azalaren minbizia, kolon minbizia eta biriketako minbizia izan dira. Saio guztiak Minbiziaren Aurkako Elkatearekin elkarlanean prestatu dira. Oraingoan, gaixotasuna dutenei zein euren familiartekoei zuzendutako saioa prestatu dute. Gaixotasunari zein gaixotasunari lotutako aspektuei aurre egiteko ze baliabide dituzten ezagutaraztea da asmoa.

Otsailaren 4an, Munduko Minbiziaren Aurkako Eguna izan zen; eta horren harira, antolatu du Udalak, Minbiziaren Aurkako elkartearekin batera, aurtengo lehen saioa.
Hitzaldi formatua izango du saioak. Izenburua: “Bakarrik zaudela uste baduzu, ez gaituzu ezagutzen”.

Hitzaldiaren bidez, elkartearen berri eman nahi diote gaixotasun hori dutenei zein euren familiartekoei. Elkartean eskura dituzten zerbitzu guztiak mahairatuko dituzte. “Gaixotasunak, batzuetan bat-batean harrapatzen zaitu eta noraezean utzi, zer egin ez dakizula. Gaixotasun hori dutenei zein familiakoei zuzendutako zerbitzu mota ugari ematen ditu elkarteak: materiala (aulkiak, oheak…), gestiogintza (baja luzeen tramitazioa…), arlo piskologikoa, arlo ekonomikoa (laguntza eskaeren tramitazioa…)... Horien guztien berri edukitzea nahi dugu; izenburuak dioen bezala, bakarrik ez daudela jakitea, eta nora jo badutela”, adierazi duten elkartetik.

Saioa otsailaren 13an, 18:00etan, Zabielen izango da, eta bertan izango dira Minbiziaren Aurkako elkarteko zuzendari Fernando Pesquera eta elkarteak izendatutasko psikologo bat eta gizarte laguntzaile bat.