Berdeak-Independenteak taldeak erabakiko du alkatetza nork eskuratuko duen

2015/05/25

Herritarren bozkak jaso eta gero, alkatetza airean dago Mutrikun. Herriko bi alderdi nagusiek seina zinegotzi lortu dituzte, eta itxura guztien arabera, alkatetzaren giltza Berdeak-Independenteak koalizioak izango du. Udala osatzeko bilera, ekainaren 13an izango da.

Alde gutxigatik (6 boto) EH Bildu izan da indarrik bozkatuena: 1.047 herritarrek eman diete botoa (bozken %40,66). «Irabazi egin dugu, baina, ez dago ezer erabakita. Nire ustez, aurrera begira, gure herriaren mesedetarako, beste alderdiekin batera akordioetara heltzea besterik ez da gelditzen», azaldu du Jon Naberan EH Bilduko alkategaiak.

1.041 botorekin EAJ izan da bigarren alderdirik bozkatuena (bozken %40,43). «Gure aldetik oso irakurketa positiboa egiten dugu. Hasierako datuen arabera, bost zinegotzi lortuko genituela pentsatzen genuen, baina azken orduko datuei dagokionez, seigarrena ere lortu dugu. Aurreko agintaldian baino bi zinegotzi gehiago lortu ditugu, hortaz, oso pozik gaude. Herriko alderdi nagusi biok ia berdinketa lortu dugu, eta hemendik aurrera ikusi egin beharko da nola egiten ditugun negoziaketak», adierazi du Jose Angel Lizardi EAJ-ko alkategaiak.

Berdeak-Independenteak plataforma, aldiz, hirugarren alderdirik bozkatuena izan da. 335 herritarrek eman diote botoa.

Maiatzaren 27an Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak emaitzen zenbaketa ofiziala egiten hasiko dira; zenbaketa hil bereko 30ean amaituko da.


ITURRIA: Mutrikuko Hitza eta Udala

 

UDAL HAUTESKUNDEAK 2015 EMAITZA OFIZIALAK: Lotura honetan herriko aurtengo eta aurreko legealdiko datuak topatuko dituzue.

FORU HAUTESKUNDEAK 2015 EMAITZA OFIZIALAK: Lotura honetan Gipuzkoako Batzar Nagusien inguruko datuak topatuko dituzue.