'Mutriku Ekinean' tailerra martxan dago
Zortzi ekintzaile bildu ditu Udal Garapen alorrak bultzatutako ikastaro-tailerrak: bi Debatik etorriak dira,eta gainontzekoak mutrikuarrak. Zortzi lagun horiek euren enpresa propioa sortzeko edo euren ideia garatzeko laguntza jasoko dute bi astetan.
Ekintzaileen bidea 'erraztea' da Mutrikun Ekinean tailer-ikastaroaren bidez lortu nahi dena. "Ideia daukazunetik martxan jarri arte osatu beharreko bidea luzea da, eta bakarrik zaude. Bide hori egiten laguntzea da asmoa, eta beharrezkoak dituzten tresnak eta ezagutza euren esku jartzea", azaldu dute ikastaroaren antolatzaileek.
Udalak, Aldundiaren eta Debegesaren laguntza izan du ikastaroa martxan jartzeko. Hain zuzen ere, azken erakunde horretako bi teknikari dira ikastaroaren arduradun zuzenak: Silvia Gil eta Vanesa Hortas.
Zortzi ekintzaileak bi asteko ikastaroa jasoko dute; astean hirutan bilduko dira, 09:00etatik 14:00etara. "Saioetan euren ideiek izan dezaketen ibilbidea ikusiko dugu, eta aurrera ateratzeko modu egokiena zein den erabaki. Gainera, horretarako, gainontzeko taldekideen laguntza ere edukiko dute", azaldu dute.