Mutriku eta euskararen arteko erlazioari erreparatzen

2014/09/19
Arnasguneen tailerrak bihar jarriko dira martxan; herritar guztien iritzia jasotzea garrantzitsua da antolatzaileentzat eta gonbidapena luzatu nahi diote herritar guztiei.

Arnasguneen tailerren lehen saioa bihar izango da. Tailerrak BaiTxo elkartearen, UEMAren eta Udalaren artean antolatu dituzte.

11:00etatik 13:00etara bitartean Mutriku eta euskararen arteko erlazioa zertan den landuko da bertan. Tailerretan ahalik eta juende gehienak parte hartzea nahi dute antolatzaileek. Izan ere, guztion iritzia da garrantzitsua beraientzat. "Herritar guztiak izango dira ongietorriak. Euskara guztiok ukitzen gaituen gaia da, eta guztion artean zaindu beharreko ondarea", nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek.

Guztira bi saio ditu tailerrak; eta biak Zabiel etxeko ganbaran izango dira.

 

ARNASGUNEAK

Arnasguneak euskara “bere kabian” sentitzen den bilgunea dira, inork xaxatu eta eraso gabe “etxeko jaun” sentitzen den eremua”. Hizkuntza batek, garatuko bada, bera nagusi den esparruak behar ditu.


Tailerren bitartez lortu nahi diren helburuak bi dira nagusiki:

-        Arnasguneek euskararen biziraupenean eta normalizazioa lortzeko lanean duten garrantziaz jabetzea.

-        Horiek zaintzeko zein hedatzeko herritar taldeak aktibatzea

 

arnasguneak 2014