Mutriku Euskal Kostaldeko Museoen Sareko kide da

2012/09/28
Asteon aurkeztu dute Basquetouren gidaritzapean sortutako sarea; 43 kide ditu eta asteburuko ekimenekin sarea jendaurrean aurkeztu nahi dute.

Nautilusen ate irekiak eta doako bisita gidatuak. Hori da Euskal Kostaldeko Museoen Sarea jendaurrera ezagutzera emateko ekimenaren baitan Mutrikuk asteburu honetan eskainiko duena. Horrela, Nautilus Interpretazio Zentroa bihar, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, ezer ordaindu gabe bisitatu ahal izango da. Domekan, goizeko ordutegian ere zabalik egongo da. Horrez gain, zapatuan, 12:00etan eta 17:30ean eta domekan 12:00etan doako bisita gidatuak ere egongo dira.

Mutrikun ez ezik sareko kide diren beste hainbat herrietan ere hainbat ekimen egingo dira. Sarea Basquetouren gidaritzapean sortu da, eta haren jendaurreko aurkezpenerako, hogeita hamar jardueretatik gora prestatu dituzte. Non, noiz eta zer dagoen jakiteko euskalkostaldearenmuseoak.com webgunea kontsulta daiteke.

MUSEOEN SAREA

Euskal kostaldeko museoen arteko lankidetza gunea sortu berri da. "Interpretazio zentroak eta bestelako instalazioak elkartu dira, bakoitzak bere ikuspuntutik, euskal kostaldeak dituen aukerekin eskaintza turistiko bateratua osatzeko", azaldu dute Basquetouretik.

Sortutako sarearen bidez ondoko helburuak lortu nahi dituzte: euskal itsas ondarea hedatzea eta sustatzea; kostaldeko eskaintza bateratua sortzea, museo-produktu komunak garatuz; proiektuak partekatzea eta 'euskal kostaldea' marka turistiko bezala bultzatzea.