Mutriku izango da Emusik 2016 europar jaialdirako egoitza ofizialetako bat

2015/02/25
Donostia 2016 Kultur Hiriburu egitasmoaren baitako ekitaldiak hainbat naziotako 300 musikariz gorako bi kontzertu ekarriko ditu herrira.

Emusik 2016 jaialdian parte izateko gonbidapena onartu ondoren, jaialdi erraldoiaren egoitza ofizialetako bat izango da Mutriku.  «Egitasmo honi esker, Mutrikuren izena Europan zehar zabalduko da», nabarmendu zuen alkateak hori horrela izango dela ziurtatzen duen hitzarmena sinatu aurretik.

Joseba Palenzuela alkatea eta Joxemari Etxaburu kultur zinegotzia izan ziren hitzarmena gorpuztera etorri zen Mikel Mate Donostiako Udal musika eskolako zuzendariari harrera egin ziotenak. Han izan ziren ere, Mutrikuko musika eskolako ordezkariak; tartean, Roberto Bergara eskolako zuzendaria.

Donostia 2016 Kultur Hiriburu egitasmoaren baitan, Emusik «izarretako» bat izatea nabarmendu zuen Matek. 2016ko maiatzaren 6tik 8ra ia 500 kontzertu izango dira. «Jaialdia entzutetsua izango da Europa mailan, 26 europar herrialdetatik etorriko baitira 10.000 musikari baino gehiago”, gaineratu zuen Matek.

Egoitza ofizial bihurtzean, besteak beste, emanaldi horietako bi Mutrikun bertan izango dira. “2016ko maiatzaren 6an zein 7an, Europako hainbat herrialdetako 300 musikari etorriko dira Mutrikura; Europako 300 musikari egun bakoitzean, eta horiekin guztiekin batera ariko dira Mutrikuko musikariak ere”. Hala ere, musikariez gain, herritar guztiek parte hartzea nahi dutela adierazi zuen Matek. “Guztiok dakigu abesten, guztiok daukagu musikari bat barruan... guztiok batzeko moduko jaialdia izango da, eta batzera animatu nahi nuke jende guztia, gainera, bai Mutirkun, baita Donostian ere”.

Mutrikuko musika eskola izango da herriko ekitaldia antolatzeaz eta koordinatzeaz arduratuko dena. “Musika eskolako kideez gain, herriko gainontzeko musikariei ere – txistulariei, MRK-ko kideei...- gonbitea helaraziko diegu, nahi duen guztiak parte har dezan”, aitatu zuen.

2016rako dena prest izateko prestaketa-lan luzeetan ari dira. Donostiako Anoeta estadioan emanaldi bakar batean bildu asmo dituzte jaialdi osoan parte hartuko duten musikari guztiak jaialdiari hasiera emateko. Horregatik, aurtengo urtean zehar hainbat hitzordu izango dituzte. Maiatzean, esate baterako, «laborategia» deitu duten lehen entsegu bat egingo dute. “Musika eskolatik 100dik gora lagunek parte hartuko dugu prozesu guztian zehar”, aitatu zuen Bergarak.

Hitzarmena sinatzeko-ekitaldia amaitu aurretik, alkateak adierazi zuen «esperientzia aberasgarria» izango dela herriarentzat zein herritarrentzat. “Lan handia dago aurretik, baina Mutriku eta musikaren arteko lotura ezagututa, eta herritarren izaera kontuan hartuta, ziur naiz erronka honi eutsiko diogula”.