Mutriku-Saturran bidegorriaren lehen fasea udazkenean hastea aurreikusten du Aldundiak

2015/02/20
Udalaren eskaerei erantzunez, bidegorria ez ezik Mijoako auzotarrentzako saneamendu-sarea ere egingo dute.

Mutriku eta Saturraran batuko dituen bidegorria udazkenean eraikitzen hastea da Aldundiaren helburua. "Udalak aspalditik egindako eskaera da bidegorriarena; eta bidegorriarekin batera, Mijoako auzotarrentzako saneamendu-sarea ere egingo da. Horrela, behin obra eginda, etxebizitzetako ur-zikinak araztegira bideratuko dira", aaldu du Joseba Palenzuela alkateak, pozik.

Mutriku Saturraranekin lotuko duen bidegorria bi fasetan egingo da. Oraingoan, Mutriku Mijoa industrialdealdearekin lotuko duen zatia egingo da eta, aurrerago, Mijoa industrialdea Saturraranekin batuko duena egiteko asmoa dago. Proiektuaren zehaztapenak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun zuzendari Unai Erroitzeneak eman zituen Zabielen egindako proiektuaren aurkezpenean.

Bidegorriaren lehen zatiko lanak 10-12 hilabetetan bukatzea aurrikusten duten. Aurrekontuari dagokionez,  2,7 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten du Aldundiak. "Bidegorriaren azpitik auzoko saneanemendua ere egingo da, eta lanen zati hori URA agentziak (Eusko Jaurlaritza) ordainduko du. Hitzarmen bat sinatuko da, eta bi obra horiek bateratu egingo dira», azaldu zuen Erroitzenenearekin batera etorritako aldundiko teknikari German Pozasek.

Neurriei dagokionez, lau metroko zabalera izango du; oinezkoentzako eta bizikletentzako bina metro. Lurzorua asfalto beltzekoa, barandez hornitua eta led argiez argiztatuta egongo da, eta errepidearekiko babestuta egongo da.

Ibilbideak bi puntutan aldaketa nabarmenak izango ditu: esaterako, Olazko bidegurutzearen inguruan, Ondarroatik Mutrikurako norantzan,  hirugarren errailaren gainean egingo dute bidegorria; errail hori desagertu egingo da. Era berean, San Jeronimoko baselizaren parean, errepidea mendirantz desbideratuko dutela azaldu zuten, bidegorria baseliza eta errepidearen artean sartu ahal izateko. tarte horretan bidegorria estutu egin beharko dute: bi metro edukiko ditu hor. «Tarte horretan oinezkoek lehentasuna izango dute». Berritasun modura, bi autobus geltoki ere egingo dira San Jeronimoko baselizaren parean; norantza bakoitzean bana.