Mutrikuarrek euren egun handia goi-goitik ospatu dute

2014/07/23

Musika bandaren dianak eman dio hasiera Malen Egunari Mutrikun. Horrela ba, musika izan da eguneko protagonista. Bien bitartean, herriko gaztetxoenek eurentzako tartea izan dute goizetik hasi eta iluntzeraino.

Egañaneko frontoian haur parkea ipini dute, eta umeak pozik ibili dira “ederto batean” elkarrekin jolasean. Bertan egon diren gurasoen arabera, gainera, aurten, “inoiz baino jolasteko aukera gehiago” egon da, eta horrenbestez, haurrek zein gaztetxoek goiz eta arratsalde dibertigarria igarotzeko aukera izan dute; era guztietako puzgarriak, mahai-futbola, billarra, ohe elastikoa eta zezen mekanikoa egon dira Egañanean. Jolas gehienetan ilara luzeak sortu dira, baina, batez ere, zezen mekanikoak izan du arrakasta handiena. 10 urte inguruko gaztetxo gehienek, bertan parte hartzeko irrikitan egon dira, ilara egiten zuten bitartean.

Eguerdian, gainera, Egañaneko frontoiko jolasez gain, Egin Irri!!! deritzon ikuskizunaz gozatzeko aukera egon da Zabiel Plazan. Plaza jendez bete-bete egin da Martin Bertsoren eta Ane Pirataren kantu eta xelebrekeriak entzuteko prest. Ikuskizun polita eta entretenigarria eskaini dute Irrien Lagunek, eta bertan egon diren ume eta gaztetxoek Ane Piratarekin eta Martin Bertsorekin jolasean aritu dira.

Besteak beste, Irrien lagunen taldeko bi kideekin jolasean eta indar berezi eta magikoa ematen duen zuku berezi bat prestatu behar izan dute Zabiel Plazara hurbildu diren gaztetxoetariko batzuek. Horrez gain, Irrien lagunek hainbat kantu ezagun abestu dituzte, eta publikoan zeuden guraso eta haien seme-alabek bi pertsonaia xelebreekin abesten jarraitu dute, erabat pozarren. Ikuskizunean batu diren guztiak Ane Piratarekin eta Martin Bertsorekin batera dantzan amaitu dute.

Martin Bertsoren eta Ane Pirataren Egin Irri!!! ikuskizunaren atzetik, Zabiel Plazatik Goiko Plazarantz joan da jendea Mutrikuko Musika Bandaren Malen eguneko kontzertu berezia ikustera. Goiko Plaza agertoki bezala hartuta hainbat pieza jo ditu bandak; Gallito, Katiuska, Puccini in Concert eta The Beatles in Concert  duen tartean, eguzkiak oso gogor jotzen zuen, horrenbestez, ikusle batek baino gehiagok musika kontzertua gerizpearen babesean ikustea erabaki du. Hain zuzen ere, gaur eguerdian, Txurruka almirantearen plazako itzalguneak “oso kotizatuta” egon dira. Jende oso gutxi ausartu da bandaren soinuak eguzkitan ikustera.

Arratsaldean Malenetako lehen sokamuturrerako jende ugarri bildu zen herrigunean. Zezenetako bat atera bezain pronto kamioira itzuli behar izan zuten, animaliak kolpe handia hartu zuetn eta. Haren atzetik zetorren zezenari zezen aurrean ohiko den herritar baten kamera lotu zioten burura. Zezenaren ikuspuntutik irudiak lortzea zen helburua, eta tarte batean lortu bazuten ere, zezenak hesi bat jo eta kamara gainetik kendu zuen. Hortik aurrerakoak kamararen jabeak grabatu zituen gailua soinean hartuta.

Sokamuturraren ondoren, herri kirolak ikusteko aukera egon zen. Sokatira taldeko neska-mutilek erakustaldi bikaina egin zuten; eta gaztetxoen parte hartzearekin herri kirolek etorkizuna dutela agerian gelditu zen.

ARGAZKIAK: Udaletxeko facebook-ean (laster eskuragarri jarriko ditugu)


 


Testua etas bideoa: Mutrikuko Hitza