Mutrikuarrek haien “zulo ekonomikotik irteteko bide onean" daudela esan diote Martin Garitano diputatu nagusiari herrira egin duen bisitan

2014/06/20
“Herritarrekin herrira” ekimenaren barruan, Mutriku bisitatu du Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Foru Aldundiko beste zenbait ordezkarirekin batera. Herriko alkate Joseba Palenzuelak gidatuta, itsasoari begira bizi den herri honek egun dituen kezka nagusiak jaso ditu Garitanok. Neguko denboralearen enbatak sortutako kalteei nola aurre egiten ari zaien, Alde Zahar malkartsuak herritarrei sortzen dizkien irisgarritasun arazoak konpontzeko ahaleginak, lurralde garapena lortzeko sortutako taldearen lana… horren guztiaren berri eman diete mutrikuarrek foru ordezkariei.

Mutriku bisitatu zuten atzo Martin Garitanok eta Foru Aldundiko zenbait ordezkarik. Herrietarako bisitak “Herritarrekin herrira” ekimenaren barruan egiten ditu Foru Aldundiak. Horren helburua da Foru Aldundiko ordezkarien eta Gipuzkoako herritarren arteko harremanak gerturatzea. Hori lortzeko herrietara bertara joatea izaten da egokiena eta, hori dela eta, Foru Aldundiko ordezkaritza batek, Martin Garitano buru, hilero herri bat bisitatzen du bertako herritarren arazoak, kezkak eta egitasmoak gertutik ezagutzeko.

Ekaineko bisita Mutrikura izan da. Udal ordezkariekin bildu dira goizean udaletxean. Haiek jakinarazi dutenez, udal langileen kezka nagusia Espainiako Gobernuak langile publikoen soldaten murrizketa da. Udalaren egoera ekonomikoa ere larria da, egungo ordezkariak 2011an Gobernua osatu zutenean, udalaren zorra aurrekontuaren %118koa baitzen. "Lan handia egin ondoren, 2013 bukaeran, zorra %89,6ra jaitsita daukagu, eta aurtengo ekitaldian %67,9ra arte eramateko bidea egiten gabiltza", nabarmendu du Joseba Palenzuela alkateak.

Udaletxetik otsaileko denboraleak eragindako lurjausiaren kalteak konpontzeko lanak ikustera joan dira Joseba Palenzuela alkateak gidatuta. Otsailaren hasierako denboraleak hainbat kalte sortu zituen Mutrikun, portuan zein herrigunean. Lurjauzi batek etxebizitza eraikin bateko bizilagunen segurtasuna arriskuan jarri zuen eta bizilagun horien egoera larria konpontzea izan zen Udalaren lehentasuna. Lan horiek ikustera joan dira gaur Martin Garitano eta Foru Aldundiko beste ordezkariak. Hango bizilagun batek, bereziki kaltetua, bere etxeko balkoira lurrak nola sartzen ziren kontatu dio Martin Garitanori. Hiru hilabeteren ostera, baina, arazoa konponduta dago.

Alde Zaharrean bertan, Merkatu plazan egin dute geldialdia. Astean hirutan, azoka egiten da bertan eta zenbait dendari eta baserritarrak biltzen dira gehienbat haien produktuak saltzeko. Baserritarrentzat nekazaritza sustatzeko neurriak hartzea funtsezkoa da beraien jardunaren biziraupena bermatzeko. Haien baldintzak hobetu eta herritarrak hurbildu nahian, hain zuzen, Udalaren asmoa da alde batetik, plaza hori egokitzea, txukuntzea eta berritzea eta beste alde batetik, erabilera anitzeko gune bihurtzea.

Alde Zahar malkartsua dute Mutrikun, eta horrek irisgarritasun arazo handiak sortzen ditu. Eraikin zahar ugari daude Alde Zaharrean eta kaleak estuak dira. Bermeoko eta Trintxerpeko gertaeren ondoren, suteak sortzekotan, herri mailako plan bat beharrezkoa zela ikusi zuen Udalak. Suhiltzaile hurbilenak Eibarren daude, eta haiek heldu orduko, gurea bezalako herri baten kalteak handiak izan litezke. Horri aurre egiteko modua eraikitzen gabiltza", azaldu du Joxan Agirregomezkorta gobernazioburuak. Suhiltzaileekin herria aztertu ondoren, plana osatzen ari dira, eta herrirako neurriak zehazten ari dira momentuan, eta hala jakinarazi zioten gai horietaz arduratzen den foru aldundiko ordezkariari ere.

Aparkalekuen arazoari buruz hitz egiteko tartea ere hartu zuten; horren harira, komentuaren aurreko aldean egindako obra erakutsi zieten, eta Kantera atzean egiten ari direnari buruzko informazioa ere eman zieten.

Adinekoentzako eguneko zentrorik ez dute Mutrikun, eta bertako adineko batzuk Debara joaten dira. Udal ordezkarien iritziz, Mutrikun eguneko zentroa balego, herritar gehiago animatuko lirateke zentrora joaten. Hori dela eta, Mikel Deuna adinekoen egoitzaren beheko aldea egokitu nahi dute eguneko zentroaren zerbitzua emateko bertan.

Errementariko txokoa izan da goizeko hurrengo bisita. Zonalde degradatu horretan laster hasiko diren lanen berri eman dio alkateak Martin Garitanori. Eraikin zaharra bota eta kale bat egingo dute bertan. Horri esker, ondoko eraikineko bizilagunek, orain arte haien etxeetarako sarrera eskaileretatik bakarrik izan dutenek, kaletik sartu ahalko dute. Urteetako aldarrikapena, beraz, saria izango duelako pozik azaldu dira bizilagunak.

Arratsaldean, lurralde garapena sustatzeko sortutako taldeak ezagutu dute foru ordezkariek. Balea Fundazioak, Bertan merkatarien elkarteak eta Mubae Mutrikuko Baserritarren Elkarteak osatzen dute talde hori eta bertako ordezkariekin bildu da Martin Garitano. Herriko arazoa eta kezka nagusia zera da: Mutrikun aktiboan dauden 2500 pertsonetatik, herrian bertan lan egiten dutenak 800 bakarrik direla. "Mutrikuar gehienak kanpora joaten dira lanera eta honek herri bezala, identitate eta herri bizia izateko mehatxua ekartzen digu. Ez da lanposturik sortzen herrian", azaldu du alkateak. Hori dela eta, Udalak herrian lanpostu berriak sortzea eta amantentzea bultzatu nahi ditu. Horretarako, Foru Aldundiarekin batera, lurralde garapena lantzeko taldea sortzea funtsezkoa iruditu zaie. 2022ra begira Udalak espero du 200 lanpostu sortzea, besteak beste, ekintzailetasuna bultzatzen eta herriko elkarteak suspertzen.

Handik Astigarribia auzora abiatuko dira. Mutriku eta Sasiola lotzen dituen errepidearen inguruan hitz egin zuten bertako bizilagunekin; haien artean kezka handia sortu duen gaia baita. 

Bisita, ohiko moduan, herri bilera irekiarekin amaitu zen. Bertan, mutrikuar guztiak deituta zeuden parte hartzera. Diputatu nagusiari eta foru zuzendariei galderak egiteko aukera izan zuten eta zuzeneko informazioa jaso zuten hainbat gairen inguruan: Aldundiaren eskumenak zeintzuk diren, Mutriku-Deba errepideko gune arriskutsuen izendapena  (gai horren arduraduna bileran ez zenez, horren inguruko informazioa helarazteko konpromisoa hartu zuten), garraio publikoaren hobekuntzetarako prozesua, Mutriku-Deba eta Mutriku-Saturraran bidegorriak...