MUTRIKUK BERE NATURA ONDAREA HOBETZEKO LANEAN JARRAITZEN DU

2024/06/30

 

Mutrikuk baditu hainbat natura-altxor; iratze paleotropikalak, artadiak, kostako habitat naturalak, duna eta paduretako espezie bereziak... 2022. urtean horiek babestu eta hobetzeko lanean hasi zen Aranzadi Zienztia Elkartearekin elkarlanean, eta 2024. urtean horretan jarraitzen du. Izan ere, 11.683,78 eurotako dirulaguntza lortu du Eusko Jaurlaritzatik Mutrikuko natura ondarea zaindu eta garapen jasangarria sustatzeko. 

Dirulaguntza honi esker, artzainerreka inguruan Udalak erositako lur-sailean, tokiko biodibertsitatea laguntzeko urmaela sortu zen auzolanean. Aurten urmaelaren anfibio, narrasti eta odonatoen inbentario lanak egin dira. Zertarako? Tokiko biodibertsitatearen ezagutza handitzeaz gain, urmaelaren kudeaketarako irizpide egokiak ezagutzeko asmoz. Aipatu, inbentario lanetan baso-igel iberiarra (Rana iberica) espeziea aurkitu dela lehen aldiz artzainerrekan. Kokapen horrek, espeziaren ekialdeko muga suposatzen du penintsulako iparraldean gaur egun. Gainera, baso-igel iberiarra, EAEn Arriskuan dauden Espezieen Katalogoan Interes bereziko espezie gisa barneratuta dago.

Bestalde, lur-sail berean bertako basoa berreskuratzeko hasitako lanei jarraipena emango zaie. Urte hasieran bertako espezieen landaketak burutu ziren. Landaketa horiek Mutrikuko herritarrekin elkarlanean egin genituen. Dena den, ezinbestekoa da, uda honetan, sasiakazia (Robinia pseudoacacia) espezie inbaditzailearen erauzketa lanekin jarraitzea, apurka-apurka landatutako espezieek indarra hartzen duten bitartean.

Hasitako lanak alperrikakoak izan ez daitezen eta gure ondare naturala gehiago ezagutu eta hobetzeko asmoz, Udalak egitasmo honekin jarraitzeko intentzioa du datozen urteetan, pixkanaka eremu eta helburu berrietara zabalduz. Zentzu horretan, eta ondo bidean, datozen urteetan Ormolako putzuko biodibertsitatea lantzen hasiko da ere.

Urmaela sortzeko auzolanean

 

Bertako basoa berreskuratzeko auzolanean.