Mutrikuko Bandak operara hurbilduko ditu herritarrak

2012/06/29
100 lagun inguru oholtzaratuko dira, bihar, 23:00etan, parrokian izango den emanaldirako. Besteak beste, Arriaga, Puccini, Mozart, Guridi, Bizet eta Wagnerren obra esanguratsuak interpretatuko dituzte.

Bandako 33 kideek lagun ugari izango dituzte biharko emanaldirako. Parrokiko abesbatza, komendukoa, Kantuz Bizi, Anaiarte eta Madalen abesbatza inplikatu dira proiektuan, eta piezetan abesbatzen protagonismoa nabaria izango den arren, solistek ere izango dute zeregina. Lan horretan ariko dira: Melissa Mancini, Eusebio Azkue, Leire Badiola, Jesus Mari Lekube, Begoña Abaitua, Andone Oianguren, Jose Juan Lizardi eta Arrate Andonegi mutrikuarrak eta Leire Gomez ondarrutarra. Mirentxu abestian, Eneko Lizardi (pianoa) izango da bakarkakoaren ardura izango duena.

Kontzerturako, gainera, bandako kideek liburuxka batzuk prestatu dituzte, herritarrek opera bakoitzaren inguruan "zerbait gehiago jakiteko". Liburuxketan opera bakoitzaren nondik norakoen berri ematen dute.

Opera gaua izenpean aurkeztuko duten ikuskizuna gogoz prestatu dute bandako kideek. Azken entsegua bihar eguerdian bertan izango da, 12:00etan, parrokian.

Kontzertuaren ondoren, bandako bazkideek udaberriko kontzertuko diska (urteko lehenengoa) jasotzeko aukera edukiko dute.

 

Opera gauaOpera gaua 2Opera gaua 3