Mutrikuko elikagaien bankuak Gabonetarako bilketa kanpaina burutuko du

2015/12/10
Azken urteetan ohikoa denez, aurten ere Gabon aurretik janari bilketa berezia burutuko dute Elikagaien bankuko kideek. Kanpaina abenduaren 10ean, 11n eta 12an burutuko da Mutrikun, helburu hartuta gutxien dutenek Gabon duinak eta zoriontsuak igarotzea.

Horretarako, herriko 21 establezimendutan herritarrek beren ekarpena egiteko modua egongo da, dendetako jakiak eta produktuak zuzenean erosi ondoren otarretan utziz, eta, baita ere, dendetan egongo diren itsulapikoetan dirua sartuz Gabonak hurbildutakoan janari freskoa erosi eta banatu ahal izateko.

Herrian egingo den bilketa-kanpainaren aurretik, Estatu mailan azalera handiko establezimenduetan egin zen Gabon aurreko bilketa-kanpaina berezia. Gurean, DIAn egin zen, azaroaren 27an eta 28an. Han bildutako janaria Bergarara eraman zen gainerako herrietan bildutakoarekin batera, eskualdeko beharrizanetarako.

Iaz Gabon aurretik Mutrikun egin zen kanpainan, 1.742 kilo janari eta produktu eta 568,63 euro bildu ziren herriko beharrizanetarako. Horren aurretik DIAn egindako bilketan, 2.850 kilo janari bildu ziren eskualdeko beharrizanetarako.

Esan behar da 2015 urteko urtarrilean herriko nahiz kanpotik etorritako 55 familiari ematen zitzaiola laguntasuna elikagaien bankutik, eta urrian 119 kide batzen dituzten 46 familiari, tartean, 15 urte bitarteko 45 ume. Urte hasieran baino familia gutxiago dauden laguntasun beharrean, batzuek lana aurkitu dutelako eta beste batzuk herritik joan direlako.

Elikagaien Bankuko kideek eskerrak eman nahi dizkiete kanpaina honetan parte hartzen duten mutrikuarrei eta establezimenduei, elkarteak ezarritako helburua betetzen laguntzen dutelako, hain zuzen ere, mutrikuar guztiek ospatu ahal izatea Gabonak mahaiaren bueltan ere bai.

Horrekin batera, eta amaitzeko, Elikagaien Bankuko kideek Gabon jai zoriontsuak igarotzea opa diete mutrikuar guztiei.