MUTRIKUKO V. ZIRIAKO ANDONEGI MIKROIPUN LEHIAKETAK BADITU GARAILEAK
Ziriako Andonegi Mikroipuin sariketa Iñigo Legorburu Arregik irabazi du helduen mailan eta Ione Aranberri Iriartek gazteen artean. Bestalde, aurtengoan, Beñat Urkiza Sesmaren Itsasoko nekazariak mikroipuina izan da mutrikuarren artean lanik onena. Guztira helduen kategorian 40 lan aurkeztu dira eta 129 gazteen mailan.
SARI NAGUSIA:
Berandu
- Iñigo Legorburu Arregi -
Ohean ezinduta nagoela, azken aste hauetan ezinean zu imajinatzen zaitut, Joxe. Etxean arrotz, zure arrantzale esku zartatuekin, garbigailuaren botoiekin ezin asmatuta. Berdin mikrouhin labearekin edo telebistarekin. Eskola zaharrekook, teknologiak ez ditugu menperatzen. Lagundu nahi zintuzket baina premian dagoena, gaur neroni naiz.
Alabak etxean izan ditugun bitartean, nolabait moldatu izan gara makina txatxu horiekin. Etxean egonda, nik ere denborarekin ikasi dut haiek gobernatzen baina zuretzat jada, beranduegi zen.
Gaur, haserretuko zaren arren, teknologiaren bidez lagundu nazazun eskatuko dizut. Gaur bakarrik, Joxe.
Itzali ezazu nire ondoko makina txatxu hau. Arnasten artifizialki mantentzen nauena. Niretzat ere, berandu delako.
GAZTEEN MAILAKO SARIA:
Gaueroko bisita
- Ione Aranberri Iriarte -
-Ama, ez dut nahi gaur gauean ere munstroa nire gelara etortzea.
-Lasai, seme, pentsatu amets gaiztoa dela eta ez dela benetakoa-erantzun zion amak kopetan muxu goxo bat emanez.
Argia itzaliz irten zen semearen gelatik ama eta bera ere ohera sartu zen lotarako asmotan. Baina ama oraindik ez zen jabetu, gauero bezala, bere alboan lo egiten zuen gizona semearen gelara joango zela bera lo zegoen bitartean.
MUTRIKUAR ONENAREN SARIA:
Itsasoko nekazariak
- Beñat Urkiza Sesma -
Itsasoko nekazariak Udaberri itsasora doa, urak eta egurrak sortutako karraskak entzuten dira arrantzaleen aurpegi belztuetan.
Dakarreraino eta buelta da ibilbidea, intxaur oskola ibaian behera bailitzan.
Etxeko guztiak sukaldeko irrati zaharraren inguruan jarrita daude, patroien frekuentzia debekatuetatik zer entzungo zain:
- Fiuuuuu! - Txistu hotsak. Abuztuak 2! Lourdesen eguna! Bagatoz!
- Ze esaten deu irratixak, ama? Galdetzen dute.
- Aitxan zorion mezua da, Lourdes. Arrainez lepo datoz!
Hamarkadak beranduago, etxe beretik Kandidoren iloba itsasora doa.
Oraingoan GPSaren bidez jarraitzen du Lourdesek semearen itsasontziaren arrastoa, baina urduritasuna berdina izan.
Lehorreratutako arrantzalearen azalean bizitzeko gogoa eta lanaren gogorra antzematen dira, eta beraien lanaren balioak berdin jarraitzen du, tamalez.