MUTRIKUKO KIROLDEGIKO BAZKIDEEK “MUGIMENT KIROL TXARTELA” ERABILI AHAL IZANGO DUTE DAGOENEKO

2021/04/06

 

Mutrikuko Kiroldegiko bazkideek Mugiment Kirol Txartela ekimenean atxikita dauden 46 udalerri ezberdinetako kirol instalazioak erabili ahalko dituzte kostu gehigarririk gabe hemendik aurrera.

 

Mutrikuko Kiroldegiko bazkideek dagoeneko erabil dezakete, kostu gehigarririk gabe, Mugiment Kirol Txartela. Hemendik aurrera, bazkideek ekimenarekin bat egin duten herritako kirol-instalazioak erabili ahal izango dituzte. Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek udalen laguntzarekin abian jarri duten ekimen honek kirola egiteko erraztasunak eskaintzea, kirola egitea sustatzea eta herritarrei kirol eskaintza handitzea du helburu.

Mugiment Kirol Txartela, txartel birtuala da eta telefono mugikorrerako APP bidez funtzionatzen du. Aplikazioa instalatu ondoren erabiltzaileak bere datuak nahiz abonatua den instalazioaren izena adierazi beharko du, Mutrikuko Kiroldegiak bertako abonatua dela balioztatu eta kiroltxartela aktibatzeko. Behin Kiroltxartela balioztatuta ekimenean atxikita dauden kirol instalazioetan sartzeko baimena izango du bazkideak, “txartel birtuala” eta NAN erakutsiaz.

Gaur egun 46 udalerri daude proeiktuan atxikita eta 76 kirol instalaziotan erabil daiteke, kiroldegiak, frontoiak eta igerilekuak barne. Momentuz atxikitu diren udalerrien artean Zumaia, Deba, Elgoibar, Eibar, Markina-Xemein, Durango eta Arrasate daude besteak beste.

Aitor Itza Kiroletako zinegotziaren hitzetan, “ekimen honen bidez, Mutrikuko Kiroldegiko bazkideek kirola egiteko erraztasunak izango dituzte hemendik aurrera, beste herritako kirol instalazioetara sartzeko aukerarekin. Kanpoan lan egiten dutelako edo eta gurean jarduera jakin bat ez egoteagatik Mugiment Kirol Txartelak Mutrikuko Kiroldegiko bazkideei behar horiei erantzuteko aukera eskainiko die. Modu honetan mutrikuarren artean kirola egitea sustatu nahi da, kostu gehigarririk gabe eskaintza biderkatuz”.

Etorkizun laburrean Mugiment Kirol Txartela ekimenera udalerri gehiago atxikituko direla aurreikusten da, udalerrien kopuruak nahiz instalazioen eskaintzak handituz joango direlarik.