Mutrikuko lau tabernek hartuko dute parte Geoparkeko pintxo lehiaketan

2013/11/29
Zapatuan eta domekan pintxoak dastatu eta onena zein den bozkatu ahal izango dute herritarrek; lehaiketan, guztira, 20 parte hartzaile egongo dira, Zumaiako eta Debako tabernak kontuan hartuta.

Asteburu honetan, zapatuan eta domekan, egingo da Flysch & Karst Pintxo Lehiaketa Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietan.  Mutrikun lau tabernek eman dute izena lehiaketarako. Guztira, Zumaia, Deba eta Mutrikuko 20 ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte, eta herritarrek gustukoen duten pintxoen aldeko botoa eman ahal izango dute. Saridunen izenak abenduaren 3an emango dira ezagutzera, sari-banaketa ekitaldian.

Hona hemen parte-hartzaileen izenak:

MUTRIKU (4):

  •     BAR PUERTO
  •     TXIRLATXO
  •     BODEGOIA
  •     TXALAPARTA


ZUMAIA (6):
    ITZURUN
    BEHEKO PLAZA
    IDOIA ARDOTEGIA
    KRESALA
    ZUMAIA HOTELA
    BAI BIDEA BATZOKIA

DEBA (10):
    MAZZANTINI
    CALBETON
    URGAIN
    SALEGI
    KANALA
    BORDATXO
    HOSTAL ITZIAR
    LASTURKO TABERNA
    ITSAS GAIN
    SEVEN CLOVERS IRISH PUB

Herritarrek zapatuan eta domekan izango dute aukera pintxoak dastatzeko eta gustukoenen alde botoa emateko. Horretarako, pintxoarekin batera parte-hartzeko kupoiak banatuko dira eta botoak jasotzeko kutxak ipiniko dira establezimendu parte-hartzaileetan. Herritarren parte-hartzea sustatu nahirik, saria zozkatuko du Geoparkeak botoa ematen duten herritar guztien artean: bi lagunentzako bisita gidatua eta GeoGourmet otar bat.

Bi kategoria ditu lehiaketak, Flysch pintxoa eta Karst pintxoa, eta establezimendu bakoitzak, gehienez, 2 pintxo aurkeztu ahal izango ditu kategoria bakoitzeko.

Pintxoek Geoparkeko bi elementu geologiko garrantzitsuenak irudikatu behar dituzte, Flyscha eta Karsta. Pintxoak sortzerakoan, garaiko eta bertako produktuen erabilera sustatu nahi du Geoparkeak. Pintxoen gehienezko salmenta-prezioa 2 eurokoa izango da.

SARIAK
Abenduaren 3an epaimahaiak pintxo irabazleak aukeratuko ditu, kategoria bakoitzeko bana, eta sariak banatuko dira: 300 € eta diploma.

Epaimahaiak kontuan hartuko dituen irizpideak dira: balio gastronomikoa, bertako produktuak, estetika, kalitatea-prezioa eta orijinaltasuna eta teknika. Azken erabakia hartzerako orduan, herritarren botoak aintzat hartuko ditu epaimahaiak.

EGITASMOAREN HELBURUA
Geoparkeak, egitasmo honen bitartez, Geoparkeko lurraldea ondoen ordezkatzen duten bi pintxoak hautatu nahi ditu. Sorkuntza gastronomikoek Flysch pintxoa eta Karst pintxoa izena hartuko dute.

Helburu nagusi bat du ekimenak, Geoparkearen irudia zabaltzeko eta bisibilitatea emateko elementu promozional berriak edukitzea, herritarrei zein kanpoko bisitariei begira.

Baina lehiaketak beste helburu batzuk ere baditu, hala nola, baserritarren eta ostalarien arteko elkarlana bultzatzea, bertako produktu freskoak kalitatezko sukaldaritzarekin batzea eta hiru herrietako ostalaritza-sektorea dinamizatzea.

 

ITURRIA: Geoparkea.com