MUTRIKUKO MALEN JAIAK BERTAN BEHERA

2020/06/02
COVID-19ak eragindako osasun-larrialdi egoera aintzat harturik, eta EUDELek ezarritako jarraibideak betez, Mutrikuko Udalak 2020ko Malen Jaiak bertan behera uztea erabaki du.

Urtero, uztailaren 21etik 25era Malen Jaiak ospatu ohi dira Mutrikun. Aldiz, Mutrikuko Udalak aurtengo jaiak bertan behera uztea erabaki du, eragile ezberdinekin bildu ondoren. Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) maiatzaren 15ean argitaratutako udako jarduera eta ekitaldietarako oinarrizko gomendioak aztertu ondoren, gomendio hauek herriko jaietan betetzea ez direla bideragarri ikusi du Udalak. EUDELek leku itxi nahiz irekietan 250 pertsona eserita gainditzen ez dituzten ekitaldiak gomendatzen ditu. Horretaz gain, pertsonen arteko segurtasun tartea 2 metrokoa izatea eta eremu publikoaren gehienezko okupazioa 1000 metro karratuak ez gainditzea. Gomendio hauek bete eta segurtasuna bermatzea ezinezkotzat ikusten du Mutrikuko Udalak ohiko jai formatuan, ondorengo arrazoi hauengatik:

  • Ekitaldien edukiera bermatu arren, hori ospatzen ari den eremutik kanpo geratzen diren lekuetan eman ahal diren pertsona pilaketak ezin izango dira ekidin.
  • Ekitaldien edukierak mugatuz gero, ekitaldi horiek eta jaiak orokorrean herritar gutxi batzuentzat izango dira eta ez mutrikuar guztientzat.
  • Jai egutegi bat plazaratuz gero, nahiz eta hau ekitaldi mugatuekin izan, herritar guztiak jai giroan aterako dira kaleetara eta ondorioz segurtasuna ezin izango da bermatu.
  • Euskal Herriko herri ezberdinek euren jaiak bertan behera uztea erabaki dute. Mutrikuko Udalak pandemiari aurre egiteko modua zentzuz jokatzea eta hori modu kolektiboan izan behar duela                                                          pentsatzen du.

Jaiak aurrera eramateko aukera ezberdinak aztertu ondoren, Mutrikuko Udalak aurtengoan Malen Jaiak antolatzea oso arriskutsua izan daitekeela irizten dio. Hala ere, jai hauek mutrikuarrentzat duten garrantziaz jakitun da eta zerbait sinbolikoa egiteko lanean dihardu. Baina ekimen edo ekitaldi horiek ez dute jaia egitera bultzatzeko helburua izango, egun bereziak direla gogorarazteko besterik ez dira izango.

Malen Jaien inguruko erabakia behin betikoa bada ere, ondorengo asteetan pandemiak izan dezakeen bilakaera garrantzitsua izango da udaran zehar, eta urte amaiera arte kultur ekitaldi txikiak antolatzea posible izango den ala ez erabakitzeko.