Parte hartu Mutrikuko Merkatu Plazaren azterketa proiektuan

2020/12/18
Mutrikuko Merkatu Plazaren azterketa proiektu integral bat garatu nahian, Udalak hausnarketa partekatua landuko du.

Mutrikuko Udalak herriko jarduera sozioekonomikoa sustatu eta bertako produktuak balioan jartzeko helburuarekin lanean dihardu azken urteetan. Hori dela eta, Udalak Mutrikuko Merkatu Plazaren azterketa proiektu integral bat garatu nahi du eta bide horretan lehen pausua Merkatu Plazaren inguruko hausnarketa partekatu bat lantzea izango da.

Merkatu Plaza zein Merkatu Txikia elikagai ekoizle- egileen eta kontsumitzailearen arteko topaketa-gune tradizionalak dira. Eragile ezberdinen arteko loturak, topaketak eta sinergiak ahalbideratzen dituzten uneak naturalki sortzeko ahalmena dute eta gune hauek mantentzea zein garatzea eta herritarrentzako kalitatezko eskaintza aberatsa lortzearen aldeko apustua egingo du Mutrikuko Udalak.

Azterketa proiektu integral honen hausnarketa prozesuan, banakako zein taldekako elkarrizketak burutuko dira Merkatuko eta herriko eragile sozioekonomiko nagusiekin. Hala ere, herritar guztien iritzi eta iradokizunak garrantzia handia dute Mutrikuko Udalarentzat. Horregatik, herritarrek ere hausnarketa prozesuan parte hartzeko aukera izango dute, euren iritzi zein iradokizunak jaso ahal izateko bi bide ireki dituelarik Udalak. Alde batetik, Merkatu Plazan kokatu den postontzian aurkitzen den galdetegi labur bat erantzunez parte hartu ahal izango da, baita sare sozial nahiz Wathsapp bidez online zabalduko den galdetegiaren bertsio digitala beteaz.

Udalak, txakurren ordenantzaren inguruan egin zen bezala, herritarrak parte hartze prozesu honetan euren ikuspuntua luzatzera gonbidatzen ditu, euren iritzi nahiz iradokizunak garrantzitsuak izango baitira Merkatu Plazaren azterketan, eta nola ez guztion ikuspuntua barneratuko duen Mutrikuren etorkizunaren eraketan.

Galdetegia online erantzuteko, hemen klik egin.