Mutrikuko olatuen energia plantak hamar urtez ekoizpen berriztagarria sortzen

2021/07/27
Mutrikuko olatuen energia plantak hamar urte bete ditu etengabeko sorkuntzan. Doako bisita gidatuak antolatu dira proiektua gertutik ezagutu ahal izateko.

Mutrikuko Olatu Planta era honetako merkataritza plantarik zaharrena da munduan eta funtzionamenduan ordu gehien emandakoa. Mutrikuko kaiko babes-dikean kokatutako 16 turbinak osatzen dute, olatuen mugimenduaz baliatuta energia elektrikoa sortzen dutena. Elektrizitate hori guztia banaketa sare orokorrera bideratzen da, geroago kontsumitzeko. Gaur egun, instalazio hori BiMEPena (Biscay Marine Energy Platform) da, Euskadiko itsas energiak probatzeko zentroa. Gainera, zentro horrek Armintzako itsaso zabalean beste instalazio batzuk kudeatzen ditu, sorkuntza elektriko flotagarriari lotutako gailuak ikertzeko.

2011. urtean inauguratutako Mutrikuko plantak, garapen fase batzuetatik igaro eta gero, itsas energiaren alorreko instalazio berriztagarri batek inoiz lortu ez duen ekoizpen maila eskuratu du; izan ere, urtean 300.000 kWh inguru produzitzen ditu,100 etxebizitzak urtean kontsumitzen duten energia elektrikoaren baliokidea dena. 2020. urtean, gainera, ekoizpen elektrikoan mugarri bat lortu zuen: 2.000.000 kWh metatua; kantitate txikia, beste teknologien batzuen bidez erdiesten denaren aldean, baina olatuen energian, berriz, mugarri handia dena. Horretaz gain, OWC (Oscillating Water Column) delako teknologia ikertzeko katean katebegi garrantzitsua da Mutrikuko planta, haren inguruan egiten diren hobekuntza teknologikoak turbina berrietan aplikagarriak izateari begira, geroago itsaso zabalean erabili ahal izateko, olatuek energia ahalmen handiagoa duten guneetan, hain zuzen ere.

Bisita gidatuak


Instalazioaren hamargarren urteurrenaren harira, bisita gidatuak antolatu dira, plantaren barneko aldea ezagutzeko eta turbina-gela bertatik bertara ikusteko. Aukera aparta planta barrutik ezagutzeko fisikoki; izan ere, ohiko bisitak kristalezko kabina baten bidez egiten dira, plantara sarbide fisikorik gabe..

Bisita edo ate irekien jardunaldiak uztailaren 30etik abuztuaren 1era bitartean egingo dira, ostiraletik igandera, sei pertsonako taldeetan, orduero (11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara). Bisitak horiek doakoak dira eta aurretiaz erreserbatu behar dira. 

Erreserba egin