Mutrikuko taldeak Munduko Sokatira Txapelketan parte hartuko du

2012/09/04
Mutilen taldeak lur gaineko 640 kiloko mailan parte hartuko du, eta Suitzara heltzean, 700 kiloko mailan izena ematea dute asmo; nesketan, Gaztedirekin parte hartuko dute

Gaur iluntzeko 19:00etan abiatuko dira Mutriku Sokatira Taldekoak Appenzell-era (Suitza). Bertan jokatuko da 2012ko Munduko Lurgaineko Sokatira Txapelketa, irailaren 4tik 9ra.

Mutrikuko mutilen taldeak 640 kiloko mailan parte hartuko du. “Txapelketa antolatzen duen herrialdeak tiraldiak ze mailatan egingo diren erabakitzeko eskumena dauka, eta Suitzak 580, 640 eta 700 kiloko mailak jarri ditu mutiletan”, adierazi du Jabier Urresti tiralariak. “700 kilotan aurrez ez dugu izenik eman, baina bertara asmoa maila horretan ere tiratzea da. Aurrekotan posible izan da bertaratzean izena ematea, eta orain ere hala izatea espero dugu”. Nesketan, Mutrikuko taldeko Nerea Arrizabalaga tiralaria Gaztedirekin (Laukiz, Bizkaia) ariko da; 500 kiloko mailan.

Azken erabakia hartzeke

Zelairatuko den mutilen zortzikoa, oraindik guztiz ixteko dago. Sokako hirugarren postua betetzeko entrenatzaileak Mikel Agirreren eta Roberto Sotoren artean aukeratu beharko du. “Zelairatu aurreko entrenatzailearen azken erabakia izango da hori”, aipatu du Urrestik.

Gainontzeko tiralariak, sokako ordenaren arabera, ondokoak izango dira: Aitor Izagirre (Ondarroa, Bizkaia), Patxi Ituarte (Mutriku, Gipuzkoa), Gotzon Arrieta (Mutriku, Gipuzkoa), Andoni Elordieta (Mutriku, Gipuzkoa), Jon Arregi (Azpeiti, Gipuzkoa), Mikel Egaña (Mutriku, Gipuzkoa) eta Jabier urresti (Ondarroa, Bizkaia).
700 kilotan parte hartzeko aukera edukiz gero, Mikel Agirre eta Roberto Soto sokan jarriko dituzte, beste bi taldekideren ordez.

Mutrikuko taldea irailaren 4an helduko da Appenzell-era eta egun berean pisaketa edukiko dute. Hurrengo egunean, mutilen 700 kiloko tiraldiak izango dira eta 640 kilokoak eta emakumezkoen 500 kilokoak, berriz, irailaren 7an egingo dituzte.