Mutrikuko Udala espainiar bandera jartzera behartua izan da
Apirilean, Espainiako Gobernuak Autonomi Erkidegoan duen delegatu Carlos María de Urquijo Valdivielsok errekerimendua luzatu zion udalari eraikin ofizialetan banderak erabiltzea arautzen duen legeria (13/1981 Legea) aplikatzeko eta, ondorioz, Espainiako bandera jartzeko, horixe baita Legeak ipintzera derrigortzen duen bandera bakarra. Errekerimenduaren ondoren, Estatuaren abokatuaren demanda jaso zuen udalak Legea bete ez izanagatik.
Udal ordezkarientzat eta udalarentzat atzera ezinezko kalteak sor daitezkeenez, Udalak legea bete beharra beste aukerarik ez du izan. Ondorioz, espainiar bandera jartzera behartua izan da, ikurriñarekin eta europar batasuneko banderarekin batera.
Nabarmendu nahiko genuke, 1981etik indarrean dagoen legea izan arren, gaur artean udala ez dela behartua izan honelako erabaki bat hartzera, eta Estatuak sekula ez duela hain estu eta gogotsu hartu lege hori betearaztea. Azkenik, hartutako erabakia udal honen gogokoa ez dela azpimarratu nahi dugu.