Mutrikuko Udalak eta MUBAEk hitzarmena sinatu dute

2017/10/18
Urriaren 17an, Ondabarroko lokalaren erabilera gauzatu ahal izateko, hitzarmen bat sinatu zuten Udalak eta MUBAEk

 

Aurrekariak: 

 

2015eko abenduaren 16an Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mutrikuko Udalaren arteko lankidetza hitzarmen baten baitan, “Mutriku 2020 garapen jasangarria” izeneko programan herriko nekazaritza eta landa eremua indartzeko eta landa eremuko auzo dinamikak indartzeko lokal sozial bat egokitu du Udalak Nekazaritza sektoretik hainbat urtetan izandako eskari bati erantzuteko. 

 

Mutrikuko baserritarrek ez dute beren gaiak tratatzeko eta biltzeko toki propiorik eta urteetako eskaria izan da honen beharra.  Bilgune baten beharra nabarmenagoa egin da MUBAE Elkartea osatu denetik, izan ere, elkartearen helburuak, baserriko jarduerak bultzatu eta garatzea, baserritarren arteko harremanak indartzea, eta baserritar eta erakundeen arteko harremanak sustatzea dira eta horretarako egiten dituzten ekimenak gauzatzeko leku propio bat eskatzen zuten. 

 

2016-2017 urteetan zehar, Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduta, Ondabarroko futbol zelaia izandako lurretan dagoen eraikuntza eraberritu du MutrikukoUdalak  MUBAE elkarteak   bilerak egiteko leku bat izan dezan, luzera begira Udalaren eta baserri munduaren arteko harremanak ere indartzeko bidea zabalduz.

 

Atzo, urriaren 17an, lokalaren erabilera gauzatu ahal izateko, hitzarmen bat sinatu zuten Udalak eta MUBAEk, horretarako  Jose Angel Lizardi Agirregomezkorta jauna, Mutrikuko Udaleko Alkate- Presidentea eta Jose Mari Kalzakorta Irusta, MUBAE elkarteko presidente dena batu zirelarik.

 

Datuak: 

 

1.- Helburuak: 

 

Mutrikuko Udalak, lagapen honen bidez, helburu hauek lortu nahi ditu: 

 - Lehen sektorearen garapen jasangarria, baserriko jardueran bultzatu eta garatuaz. 

 - Baserritarren bizi kalitatea hobetzea. 

 - Baserriko identitatea mantentzeko ekintzak gauzatzea. 

 - Gazte eta haurrei baserriko baloreak erakustea.

 - Mutrikuko beste elkarteekin harremanak garatzea. 

 

2.- Lagapenaren epea: 

 

Erabilera-lagapena 10 urterako izango da. Hitzarmen hau urtez- urte berrituko da automatikoki bi aldeek aurkakorik esaten ez duten bitartean

 

3.- Lagapenaren eremua:

 

Mutrikuko Udalak Ondabarroko eraikinaren lagapena soilik egiten du, ez horrela eraikina kokaturik dagoen lurrena.

 

4.- Sinaketa: 

 

Sinaketa atzo, urriak 17,  14:00etan egin zen eta Joseba Iribar Garrastazu Udal  Idazkari- Kontuhartzailea ere bertan izan zen. 

Sinatzaileak: Jose Angel Lizardi Agirregomezkorta jauna, Mutrikuko Udaleko Alkate- Presidentea eta Jose Mari Kalzakorta Irusta jauna, MUBAE elkarteko presidentea.

Sinaketaren momentuko argazkia helaraziko zaizue.