MUTRIKUKO UDALAK LINEA VERDE APLIKAZIOA AURKEZTU DU HERRIA HOBETZEKO

2022/11/24

 

Linea Verde bide publikoko gorabeherak konpondu, herritarrek Udalarekin komunikazioa hobetu eta Mutriku hobetzeko Udalak abian jarri berri duen aplikazioa da.  Herrian konpondu beharreko tipologia ezberdinetako goraberak Udalari jakinarazi ahal izango dira Linea Verde aplikazioarekin, zuzenean, erraz eta doan.

 

Mutrikuko Udalak askotan ez ditu ezagutzen mutrikuarren etxe inguruetan edo herri osoan zehar dauden konpondu beharreko gauza guztiak eta denboran konpondu gabe egoten dira. Linea Verde aplikazioarekin konpondu beharrekoa zuzenean Udalari jakinarazi ahal izango dio herritarrak. Aplikazioak mota askotako gertakarien berri emateko aukera ematen du modu oso errazean: espaloi eta galtzaden egoera txarra, estolderiekin zerikusia duten arazoak, kanpo argiteriaren akatsak, zaborren pilaketak, hiri tresnen egoera txarra, lorezaintza beharra, seinale eta semaforoen egoera txarra, intsektu eta karraskari izurriak, garbiketa beharra, igogailuetan arazoak, altzari eta tresna bilketak, ibilgailuen-erretira, trafikoa eta mugikortasunarekin arazoak, eta beste zenbait gai.

Zerbitzu berri hau erabili ahal izateko, beharrezkoa da Linea Verde APPa deskargatzea. Aplikazioa Google Play edo APP Storean aurkitu ahal izango dute herritarrek. Aplikazioa telefono mugikorrean instalatu ondoren, erabiltzaileak gertakariaren berri zein udalerritan eman nahi duen hautatu beharko du, kasu honetan Mutriku. Prozedura oso azkarra eta erraza da. Gorabehera edo gertakari bat jakinarazteko, "Gertaera berria" botoia sakatu beharko da aurrena eta zer nolako gertakaria den hautatu agertuko diren aukera desberdinen artean. Bigarren pausua aplikazioak bakarrik egiten du, konpondu beharrekoa dagoen lekua geolokalizatuz, hala ere erabiltzailea, bidaltzeko momentuan, ez baldin badago intzidentzia dagoen lekuan, kokapena aldatzeko aukera ematen du aplikazioak. Hurrengo urratsa intzidentziaren argazki bat eranstea eta horri buruzko oharra gehitzea izango da. Azkenik bidali botoia sakatu besterik ez da egin behar. Une horretatik aurrera, antzemandako intzidentziari irtenbidea emateko izapideak hasiko dira. Konpondu beharrekoaren inguruko informazioa udal arduradunari iritsiko zaio zuzenean eta konpontzeko prozesuan jarriko da. Aplikazioko «Bidaliak» atalean ikusi ahalko du herritarrak, berak bidalitako jakinarazpenaren egoera denbora errealean.

Linea Verde aplikazioaren bidez, erabiltzaileak ingurumenari buruzko edozein kontsulta ere egin dezake. Nahikoa da "Egin ezazu zure kontsulta" aukera hautatzearekin. Gehienez ere 24 orduko epean, gaian aditu den talde baten erantzuna jasoko du, erabat doan.

Mutrikuko Udalak, herritarrak Linea Verde aplikazioa erabiltzera animatu ditu. Baina jakitun da zenbait herritarrek teknologia berriekin eta aplikazioak deskargatzeko erraztasunik ez dutela. Horregatik, zailtasun hori duten herritarrei laguntzeko helburuarekin, azaroaren 29an, martitzena, 11:00etatik 13:00etara eta 17:30etatik 19:30etara Txurruka Plazan informazio puntu bat jarriko du Mutrikuko Udalak. Informazio puntu honetan, deskargatzen, instalatzen eta aplikazioaren erabilera azaltzen arituko dira Udaleko arduradunak.

Azkenik, Mutrikuko Udalak aurrenengo egunetan pazientzia izateko eskatu du, aplikazioak barne antolaketan aldaketa handia ekarri duenez ohitzeko denbora beharko baitute. Azken egunetan herritar talde txiki bat aplikazioa probatzen aritu da eta horiekin batera Udala ere bere barne antolakuntza berria probatzen. Hala ere, aplikazioa mutrikuar guztien eskutan jarritakoan, intzidentzia kopuru handia jasoko dutela aurreikusten da, berritasunak bultzatuta. Hori dela eta, hasierako egunetan konponketa lan guztiak egiteko denbora behar izango da, baina etorkizunean intzidentziak konpontzeko denborak laburtzea aurreikusten du Udalak aplikazio honi esker.