Mutrikuko Udalak Merkatu Plaza inauguratu du sei hilabetez eraberritze lan sakonak burutu ondoren
Mutriku, 2024ko abuztuaren 14a
Mutrikuko Udalak Merkatu Plaza inauguratu du, sei hilabeteko eraberritze lan handien ondoren. Ekitaldia jai giroan ospatu da herritar guztiei irekitako ekitaldi batean; herriko merkataritza eta nekazaritza sektoreko eragileak gonbidatu nahi izan ditu Udalak bertara.
Ekitaldia hunkigarria izan da, izan ere, hainbat urtez espazio hori erabili duten ekoizle eta saltzaileak omendu ditu Udalak irekiera saioan. Aurkezpena Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak, Ainhize Azpiazu alkateordeak eta Aitor Itza Garapen Ekonomikoko zinegotziak egin dute. Bertsoak, dantza eta argazki musikatua ere ikusi ahal izan da.
Merkatuaren erreforma "Mutrikuko Merkatu Plaza: Merkatu Plaza eta Mutrikuko Hirigune Historikoaren Ekosistema Komertziala biziberritzea" ekimenaren parte da. Ekimen hori Next Generation EU funtsek finantzatzen dute, ICT/949/2021 Aginduak (ICT/565/2022 Aginduak eta ICT/99/2023 Aginduak aldatua) finantzatuta. Ahalegin hori 13. osagaiaren barruan kokatzen da (ETEak bultzatzea), gure herriko merkataritza-sarea indartzeko eta bultzatzeko helburuarekin.
Udalaren ustez, proiektu hau mugarri bat izango da Mutrikuko tokiko merkataritza biziberritzeko, eta Beheko Plazaren inguruneari bultzada berri bat emateko. Aldi berean, herritarrei produktu freskoez eta kalitatezkoez gozatzeko gune berritu bat eskainiko zaie, baita estalitako gune publiko berri bat ere.
Merkatu Plaza gunea erabat berritu da, bere bizigarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetuz isolamendu termiko eta akustikoaren bidez eta leihoak, ateak eta aireztapen sistemak berrituz. Instalazioak segurtasunaren ikuspegitik hobetu dira, eta espazioa suteen aurkako neurriez, larrialdietarako irteeraz eta abarrez hornitu da. Postuen kokapena aldatu da, komun berriak egin dira eta instalazio orokorretako zerbitzuak guztiz aldatu dira.
Ur filtrazioak sortutako hainbat arazo konpontzeko, beharrezkoa izan da Beheko Plazan ere lanak egitea, lurzorua inpermeabilizazio obra garrantzitsu bat burutu delarik. Horri esker, espazio hori ere hobetu da, batez ere segurtasunaren eta irisgarritasunaren ikuspegitik.
Merkatu Plaza berria diseinatzerakoan, sarrerako atea lekuz aldatzea izan da gakoa, herriko merkataritza kale nagusietatik (Erdiko Kale eta Barrenkale) presentzia eta ikusgarritasun handiagoa emateko helburuarekin. Horregatik, barne-konfigurazio guztia sarrerako sarbide berrian oinarritu da.
Bestalde, plazara jende gehiago erakartzeko eta herritarrei familian egoteko gune estali bat emateko helburuarekin, erabilera publikorako harmaila bat jarri da. Aurrerago, lurrean jolasak margotu dira txikienek ere espazio honetaz gozatu dezaten.
Merkatu Plazak sei postu finko izango ditu guztira, bakoitza 22 m²-koa. Gaur egun, Itxasne fruta-dendak, Perras arrandegiak eta Iratxe lora-dendak betetzen dituzte postu horietako hiru, eta gune berrituan produktuak eskaintzen jarraituko dute.
Zerbitzu horiek pixkanaka hasiko dira lekuz aldatzen: Ana Rosa Landa, Perras arrandegiko buru, izango da lehena bere postu berria erabiltzen, izan ere, datorren astean bertan hasiko da saltzen. Irailean, Iratxe Lorak eta Itxasne Frutategia gehituko dira plazako jarduerara.
Hiru postu libreei dagokienean, iragarki bat argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean abuztuaren 5ean, postuen esleipenerako baldintzak argitaratuaz. Merkatu Plazan ezartzeko enpresa proiektuak aurkezteko epea zabalik dago abuztuaren 20ra bitartean. Udalak hilabete batzuen buruan postu guztiak martxan egotea espero du. Deialdi honen informazio gehiago www.mutriku.eus web gunean aurkitu daiteke.
Ohitura denez, plazaren erdigunea nekazarientzat erreserbatuta egongo da, eta beren produktuak kontsumitzaileei zuzenean saltzeko aukera izango dute, produktu freskoen eta hurbilekoen kontsumoa, tokiko ekonomia eta nekazaritza sustatuz. Baserritarrak abuztuaren 16an, ostirala, hasiko dira euren produktuak berriro ere Merkatu Plazan saltzen.
Era berean, datozen hilabeteetan, hoztutako takilak instalatuko dira, bizilagunek eskaerak irekiera-ordutegitik kanpo jasotzeko aukera izan dezaten, eta, horrela, eguneko edozein unetan produktu freskoak eskuratzeko aukera izan dezaten.
Merkatu Plaza erosteko lekua izateaz gain, herritarren eta lehen sektorearen arteko topagunea eta herriko alde zaharra ekonomikoki aktibatzeko gune berria izango da.