Mutrikuko Udalak "Mutriku Market" sortu du, bertako saltokiak sustatzeko marketplace-a

Mutrikuko Udalak marketplace berritzaile bat jarri du martxan bertako merkataritza modernizatu eta bultzatzeko: Mutriku Market, WhatsApp-ean oinarritutako elkarrizketa-teknologia bidezko salerosketarako plataforma da, non herriko establezimenduek beren produktuak eta zerbitzuak eskaini ditzaketen.
Plataforma abenduaren amaieran sortu zen, eta orain aurkeztu du Udalak jendaurrean.
Online erosteko joera gero eta handiagoa da eta establezimendu txiki gutxik egin diezaiokete aurre euren kabuz. Mutriku Market-ekin, Udalak saltoki txikiei kontsumo modu berri horretara egokitzen laguntzen die; horretarako, bertako komertzioaren nortasuna babestu eta indartzeko aukera ematen duen teknologia bat erabili du, kontsumitzaileei aukera hurbil eta pertsonalizatua eskainiz, pertsonen arteko harreman zuzenean oinarritua, horrek markatzen baitu hurbileko merkataritzaren eta merkataritza elektronikoaren “erraldoi handien” arteko desberdintasuna.
Ekimen honekin, udalerriak aurrerapauso bat eman du bere saltokiak aro digital berrira egokitzeko, kontsumitzaileentzako erosketa-esperientzia hobetzeko eta establezimendu txikien zerbitzua egungo kontsumitzaileen beharretara egokitzeko.
Horregatik, plataforma berriak, saltokiei mesede egiteaz gain, zuzeneko abantailak ere ekarriko dizkie kontsumitzaileei. Erabiltzaileak eroso sartu ahal izango dira euren telefono mugikorretatik Mutrikuko merkataritza-establezimenduen, ostalaritza-establezimenduen eta beste zerbitzu batzuen informazio orokorrera, bai eta establezimendu ezberdinen produktuen katalogoa ikustera ere. Erabiltzaileek nobedadeak, deskontuak eta kanpaina bereziei buruzko informazioa jasotzen lehenak izango dira eta edozein produkturi buruz modu erosoan galderak egin edo informatu ahal izango dira, herritarrengan oso hedatuta dagoen teknologia baten bidez, hori guztia, Mutrikuko saltokiekiko bereizgarri den kalitate eta hurbiltasun bermearekin.
Mutriku Market-ek, erosketak modu erraz eta seguruan egiteko aukera eskaintzen du. Era berean, produktuen bilketa-puntua hautatzeko aukera ematen du, eta produktu freskoari dagokionean, Mutrikuko Merkatu Plazan abenduan jarritako "armairu hoztuak" erabiltzeko aukera emango du.
Mutriku Market, webgune honetan ere eskuragarri dago: www.mutrikumarket.eus. Orrialde honetan salgai dauden produktuen katalogoa ikus daiteke. Behin hautatuta, plataformak erabiltzailea laguntzaile birtualera birbideratuko du, WhatsAppetik erosketa-prozesua egiteko.
Une honetan, Mutriku Market-en direktorioak 47 establezimendu ditu, eta horiekin elkarrizketa zuzena has daiteke. Mutrikuko Udalak ekimen hau bultzatzen jarraitzeko asmoa du, plataformaren funtzionaltasunak zabaltzeko eta saltoki gehiago euren produktuen katalogoarekin integratzeko; izan ere, direktorioko establezimendu guztiek ez dute oraindik aukera hori eskaintzen.
Mutriku Market-era sartzeko, interesa duten erabiltzaileek ondoan dagoen QR kode hau eskaneatu besterik ez dute egin beharko. Kode hori Merkatu Plazan, turismo-bulegoan edo herriko etxebizitza guztietara bidaliko den flyer-etan aurkitu ahalko da. Kodea eskaneatu ondoren, txat-era sartuko dira zuzenean, eta bertan terminoak eta baldintzak onartu eta zein hizkuntzatan komunikatu nahi duten aukeratu beharko dute. Urrats horiek egin ondoren, zerbitzuaren erabilera erraza eta intuitiboa da.
Mutrikuko Udalarentzat, Mutriku Market tokiko merkataritzaren etorkizunaren aldeko apustua da eta berrikuntzarekin eta garai berrietara egokitzearekin duen konpromiso irmoa erakusten du, gure herria bakarra egiten duen esentzia eta identitatea galdu gabe.
Ekintza hau Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia planaren (BEEP) baitan garatutako proiektu baten barruan kokatzen da. Europar Batasunak finantziatuta – NextGenerationEU.